Eguraldiak ikastolaren egun handia errespetatu du; goizetik arratsaldera bitartean ekintza ugari egin dituzte
Ikasleek, batez ere, ederki pasatu zuten Ikastola Egunean.
Haurtzaro Ikastolak bere 51. ikasturtea hurbil dagoela nabarmentzeko, Ikastola Eguna ospatu zuen pasa den larunbatean. Iragarpenei izkin eginda, eguraldia lagun izan zuten, eta festa biribila izan zen.
Goizean goiz, 08:00etan, hasi zuten festa, LH3 eta DBH4 mailako ikasleak protagonista izan zuen ginkanarekin. Ez zuen parte hartze makala izan: 280 ikasle aritu ziren tirolinan, ibaiaren jaitsieran, bizikletan, zaku lasterketan…
Hori bukatuta, eskolaz kanpoko orduetan egiten diren ekitaldien emanaldien txanda izan zen: dantzariak, bertsolariak, trikitilariak, gimnastak eta abarrek urtean zehar landutakoa erakutsi zieten hurbildu ziren irakasle eta gurasoei.
Eskertza eta aitortza
Eguerdian, ekitaldi ofizialaren txanda izan zen. Asier Bergaretxek ongietorria eman zien hurbildu zirenei. Periko Sanroma Haurtzaro Atletismo Taldeko entrenatzailea gogoratu zuten, haren alarguna eta alaben presentzian. Ondoren, Eskuttun ikastolako euskara taldearen lana eskertu zuten. Gainera, DBH4ko ikasleei agur esan zieten, eta haiek bertso batekin eskertu zieten.
Goizeko jarduera zurrunbiloa pasatuta, bazkaltzeko ordua etorri zen: haurrak lehendabizi, eta helduak gero. Indarrak hartuta, haurrek gehiago gozatzeko aukera izan zuten makillaje tailerrarekin, pailazoekin, jolasekin eta beste hainbat jarduerarekin. Festa modu onean bukatzeko, buruhandiak eta apar festa izan zuten.