Gardentasun falta ere leporatu dio alderdi sozialistako bozeramaile Jose Angel Rodriguezek, aipatu balantzea ez dielako aurkeztu gobernu taldeak udalean ordezkaritza duten beste alderdiei haren esanetan.
TAO zerbitzuko langileen protesta, zerbitzua publifikatu aurretik.
TAO zerbitzuaren
balorazioa egin zuen joan den ostiralean gobernu taldeak, zerbitzua martxan jarri eta hiru hilabetera. Arrakastatsua, horrela definitu zuten sistema berria Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak, eta Txaskok hainbat datu eskaini zituzten: 2.392 egoiliarrek eskatu dute zerbitzua, eta apirilean 32.960 pertsonek erabili zuten. Sistema aldatzeak 439.000 euroko balantze positiboa utzi diola momentuz udalari ere jakinarazi zuten agerraldi horretan.
Datu horiek ez direla errealak dio orain PSE-EE-k, “handietsi egin dute balantze ekonomikoa beren kudeaketa txarra manipulatzeko”. Gardentasun falta ere leporatu dio alderdi sozialistako bozeramaile Jose Angel Rodriguezek, aipatu balantzea ez dielako aurkeztu gobernu taldeak udalean ordezkaritza duten beste alderdiei haren esanetan. Gardentasuna eskatu du, horrenbestez, “Duela bi hilabete martxan jarri den zerbitzu batek ezin du 439.000 euroko balantze positiboa izan, besteak beste, ezinezkoa delako jakitea zenbat diru bilduko duen aparkatzeagatik edo isunengatik. Izatekotan, 2018ko azken balantzeak erakutsiko du emaitza edo balantzea positiboa edo negatiboa den”.
Gaiaren gaineko kudeaketa txarra egotzi dio, beste behin ere, gobernu taldeari, “hamalau langile kaleratu ditu, denek epaitegira jo dute eta momentuz udala zigortu dute horietan guztietan. 600.000 euro ordaindu beharko ditu indemnizazioetan, eta horri abokatuen kostua, eta epaitegietakoak gehitu beharko dizkiogu”.