Oiartzun txapeldun izan da palako Herriartekoan. Atzo jokatu zen finalean Errenteria-Oreretako taldearen kontrako bi partidak irabazi zituen.
Oiartzuarrak eta errenteriarrak, finala bukatu ondoren. Argazkia: Gipuzkoako Pilota Federazioa.
Atzo arratsean jokatu zen Altzako pilotalekuan Pilotako Herriartekoari dagokion pala ataleko finala. Oarsoaldeko derbia zen, Oiartzun eta Errenteria-Orereta artekoa. Jokoan zeuden bi partidak irabazita, txapela Oiartzunera joan zen. Jexux Leonet Oiartzungo alkateak harro zoriondu zituen herriko pilotariak.
Larruzko paletan 35-31 emaitzarekin irabazi zuen Oiartzungo Ezkerro-Argote bikoteak. Urduritasunak alde batera utzita, partida oso serioa egin zuten oiartzuarrek, eta errenteriarrei (Eskisabel-Abel) ez zieten ia aukerarik eman.
Pala motzean estuagoa izan zen lehia, baina oiartzuarren aldekoa aldi berean. Aizpuru-Irigoien bikoteak 40-26 emaitzarekin gainditu zuen Yorelek eta Rubenek osatutako bikoa.
Altzako pilotalekua lepo bete zen. Oiartzungo eta Errenteriako zaleek giroz bete zuten Donostiako auzoko kirol azpiegitura, eta bakoitzak bere taldea animatzeaz gain, kiroltasun eta errespetu giroa izan zen nagusi.
Txapelak banatuta, denak elkarrekin joan ziren afaltzera. Hirugarren zatia izan zen.