«Gustatuko zaizu edo ez, baina arteak behar du izan askea»
Oso gazte hasi zen plazaz plaza abesten, eta ordutik musikari eta bere gitarrari lotuta bizi da. ETB1eko ‘Bago!az’ saioko finalera heldu da sanjuandarra, bere ahotsak eta izaerak arrastoa utzi dute.
«Ni gustuen jende aurrean kantari aritzen naiz, nire kantak abesten» «Jarrera ere izan behar da, hori ezinbestekoa da, ezin da geldirik egon» «Mundu guztiak kontrakoa esanda ere, uste dut posible dela musikaz bizitzea»Oarsoaldean ezaguna zinen jada, baita eskualdetik kanpo ere, baina telebista saioetan aritzeak zure irudia are gehiago zabaldu du. Zerk eraman zintuen ETB1eko Kantugiro eta Bago!az saioetara? Kantugiro-n izena eman nuen herriz herriko lehiaketa edo saioa zelako, ez zegoelako asmorik atzean. Ikuskizun herrikoia zen eta edonor igo zitekeenez oholtza gainera, esan nuen, ‘zergatik ez?’. Bertara igo nintzen eta dirudienez arrakasta izan nuen Bago!az saiorako deitu nindutelako. Nik banuen asmoa joateko, baina ez nengoen ziur. Hala ere, aitortu behar dut ongi joan dela, oso ongi, finaleraino heldu naizelako eta ez nuen halakorik espero,. Horrek nire bakarkako emanaldiei ere nahikoa mesede egin die. Bestelako saioak ez ditut gustuko, Operacion triunfo eta halakoak. Gehiegi plastifikatzen dituzte parte hartzaileak, talentua badago, baina ez diete askatasun sortzailerik uzten eta azken finean produktu bihurtzen dira beraien buruaren jabe izan gabe, edo diskografika baten jabe, marketin produktu hutsa dira. Irabazle izan zinen Kantugiro saioan 2015ean. Zer suposatu zuen zuretzat? Saio hori irabazteak suposatu zuen kontzertuei zegokienez askoz ere dei gehiago jasotzea. Orain ere gertatu da. Errepikatzen dutenean, jendeak zoriondu egiten nau. Hori gertatzen da telebistan ateratzen zarenean. Niretzako pertsonalki, berriz, gitarra garestiena erosi nuen sariarekin, Hamer Centaura bat, eta horrekin jotzen dut taldean orain. Neska-lagun modukoa dut gitarra hori. Bago!az-en finalera heldu zinen, baina ez zenuen irabazi. Esperientzia polita izan da? Bai, oso polita izan da, eta gainera talentua duen jende pila bat ezagutu dut. Nahiz eta ez irabazi, irabazi zuenak oso ondo egin zuen, eta ni harrituta nago horraino heltzearekin jada, nire istorioa eginez iristea finaleraino izugarria izan da. Faltsete pribilegiatua duzu. Zenbat lan dago horren atzean? Hori natural ateratzen zait. Afinazio kontuekin izan ditut komeriak hasieran, abesten hasi nintzenean, joaten zitzaidan altuegi, abusua egiten nuen, eta hobea da moderazioarekin egitea, harridura faktorea mantentzeko. Heavya omen zara… Heavya baino, rockeroa. Heavya ere gustatzen zait eta azkenean, gauza batek bestera eramaten du. Bateragarria da hori eta plazaz plaza kantautore ibiltzea euskal kantu tradizionalak abesten? Euskal kantuetan ere badira batzuk rockeroak eta heavyak, nahiko ezagunak gainera. Batzuetan Su Ta Gar jotzen duzu eta Itxaropena kantuak kristoren arrakasta izaten du, edo Latzenen Laztana-k. Gero, kantautore emanaldietan nire zigilua sartzen dut, ni abesten nagoelako eta noizbehinka ateratzen naizelako kanta den modutik edo nahasten dudalako beste batekin, sartzen dut agudoren bat… Gitarra, baxua, harmonika jotzen dituzu. Hala da, eta orain teklatuarekin hasi naiz, baina momentuz makarroniko nago teklatuarekin. Musikatik bizitzea duzu ametsa. Baina horretarako aukerarik badago? Zaila ikusten da musikatik bizitzea, baina nik uste dut ahal dela, mundu guztiak kontrakoa esango dit, baina nik pentsatzen dut posible dela. Baikorra naiz horretan. Musikan dagoen zailena? Konstante mantentzea da zailena, eta muntaia eta desmuntaia lanak [barre artean], hori da rockaren glamourraren kontrako aldea. Atseginena? Jendea ikustea gozatzen. Joan den ostiralean Oreretako gaztetxean izan ginen taldearekin emanaldia egiten, eta gure abestiak jo genituen. Jendeak ez zekien letra, baina momentu batean hasi ziren abesten, eta hori izan zen zoragarria. Halako gauzek merezi dute. Bada gustukoen duzun plazarik? Galdera zaila da hori. Agurainen oso gustura izan nintzen lehen aldian, Igeldon ere bai, Pasaiako Fenomenoa bezala ezagutzen naute bertan [barrez, berriz ere]. Astigarraga ere gustatzen zait. Kontzertuetan jendearengana heltzen zara. Nola lortzen da hori, jendeak bat egitea eta inplikatzea abesten ari zaren horrekin? Gazte Akelarrea izan da Oiartzunen, eta horren barruan Errenteriako Belabaratz aterpetxean izan nintzen emanaldia egiten. Jendeak ni besoetan hartu eta airera botatzen bukatu zuen. Monotonia galdu egin behar duzu eta soltea izan, ez dago besterik. Urduritasunak baztertzea da garrantzitsua eta ni oholtza gainean ohituta nagoenez gainditu dut hori, telebistan izan nintzenean, baina, sumatu nuen urduritasun hori berriz ere. Bromak ere sartzen ditut emanaldietan, gustatzen zait bromak egitea., espektakulu formatuan. Abesti soilak egiten nituen hasieran, baina gerora, giroaren arabera erabakitzen dut zer eta noiz egin. Naturaltasunez egiten dut, abestien letrak aldatzen ditut, oroitzen ez ditudanean batez ere, eta joaten naizen leku bakoitzeko abesti bat asmatzen dut momentuan. Atera daiteke ondo edo ez, baina hor dago detailea. Talde erreferente bat zuretzako? Queen, zalantzarik gabe. Talde asko gustatzen zaizkit, baina Queen disko batean estilo ezberdinak lantzeko gai da, eta denak ondo. Sekulako meritua behar duela iruditzen zait, eta ni antzeko zer edo zer egiten saiatuko naiz, ez dakit lortuko dudan sekula, baina saiatu, saiatuko naiz. Eta Euskal Herrira etorrita? Bi talde ditut erreferente: Itoitz eta Urtz. Urtz oso melodikoa da, pasaitarrak dira gainera [barrezka]. Berezi sentiarazten zaituen kantua? Beatlesen Abbey Road-en medley-a, hainbat kanten nahasketa asko gustatzen zait, eta The Alan Parsons Project-en Silence and I, kristoren abestia da. Euskal Herrira ekarrita, Sorotan Belen Zortzi orduko ekaitza, eta Mendeku Itsuaren Herentziaren mendekua abestiak oso onak dira. Taldean edo bakarka, non aritzen zara gusturago? Bakoitzak bere gauzak ditu, ezberdinak dira. Beste musikariekin, oso gustura aritzen naiz beti, eta ni bakarrik ere bai. Bakarlari gisa, askatasun handiagoa dut nahi dudana egiteko, baina beste musikariekin aukera handiagoa dut soinu garratza lortu nahi badut. Abesten eta jotzen beti gustura. Hurrengo kontzertuak non dituzu? Taldearekin Tafallako jaietan izango gara abuztuaren 18an, eta agian, Glaukomaren telonero izateko aukera edukiko dugu Gabirian abuztuaren 16an. Horretaz aparte, gure lehen diskoa prestatzen ari gara eta besteak beste, Lotuta adierazpen askatasunaren aldeko abestia sartuko dugu bertan, adierazpen askatasunaren kontrako erasoak salatzeko. Gustatuko zaizu edo ez, baina arteak behar du izan askea.