Altzako San Martzial Txapelketa eta Barañaingo txapelketa irabazi dituzte EPLE-ko pilotariek. Bihartik Joakin Etxeberria Pala txapelketa abiatuko da.
Eskisabel eta Ruben finala hasi baino lehen. Argazkia: Altzatarra K.E
Garaipenak lortzen jarraitzen dute EPLEko pilotariek. Aurreko asteuruko aipagarriena Eskisabel eta Rubenek larruzko paletan lortutako garaipena izan da. Altzako San Martzial Txapelketako finalean 35-23 utzi zuten markagailua errenteriarrek, Begiristain eta Letek osatutako bikotearen aurka. Merezitako garaipena Eskisabel eta Rubenena, txapelketa handia jokatuta.
Beste garaipena Barañainen lortu dute EPLEkoek. Oihan Etxeberria Kimu mailako pilotariak, Lagunak elkarteko Antimasberes pilotariarekin 18-12 garaitu zituen Txapagain elkarteko Otaegi eta Zarrabeitia eskukoan.
Ez zuten zorte bera izan Haurren Mailako EPLEko Iraitz Goikoetxea eta Zegamako Teelleriak, Lazkaoko Irribarria-Gartzia bikotea garaitzerik ez zuten izan, eta markagailua 14-18 gelditu zen lazkaotarren alde.
Joakin Etxeberria Memoriala
Erein elkarteak antolatuta, bestalde, bihar hasiko da Joakin Etxeberria Pala Memoriala Agustina Otaola pilotalekuan. Lehen Mailakoak eta pala motzean bain0 ez dira arituko aurten memorialean, Fanderiako frontoiaren kantxan dauden hezetasun arazoak direla–eta. Biharko partidan Iradi-Andonegi Begiristain-Garridoren kontra arituko da 19:15ean. Hurrengo partida, astelehenean (uztailaren 2an) jokatuko dute. Navarro-Richard IbargurenII- Andueza bikotearen aurka arituko da 20:30etik aurrera. Memorialaren finala, uztailaren 24an, madalenen barruan jokatuko da.