Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den iniziatibaren barruan ikastolako langile, guraso eta ikasleek euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dute.
Orereta Ikastolako profesionalak Euskaraldia babesteko egindako argazkian. Argazkia: Orereta Ikastola.
Orereta Ikastolak bat egin du Euskaraldiarekin eta iniziatibaren sustatzaile izango da. Horri begira, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den iniziatibaren barruan ikastolako langile, guraso eta ikasleek euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dute. Hasierako hamaikakoa osatuta dutela dagoneko jakinarazi du gainera, bertako profesional guztiekin, “denak izango dira ahobizi, euskaraz egiteko konpromisoa tinkoa dutelako eta erabilera indartzen lagundu nahi dutelako”.
Ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko konpromisoa ere hartu du Orereta Ikastolak, eta horri begira, iniziatiban parte hartzeko izena emateko bideak erraztu ditu, eta ikastolako komunitate osoa zein gainerako herritarrak gonbidatu ditu iniziatibarekin bat egitera. Errenteria-Oreretan antolatzen diren ekintzetan parte hartuko du, eta udazkenari begira beste hainbat ekintza antolatzen ari dela jakinarazi du, bestalde, “horietako batzuk Ziburu, Biriatu eta Urruñako ikastolekin batera”. Hitzarmena du azken horiekin Zubiak eraikiz iniziatibaren barruan, eta elkarlanean arituko dira euskara lau haizetara zabaltzea helburu duen iniziatiban.
Diruz lagundu
Orereta Ikastolak, gainera, madalenetan txosna jarriko du aurten ere, eta bertan bildutako diruaren zati bat Ipar Euskal Herriko hiru ikastola horiek laguntzera bideratuko du. Euskaraldiaren gaineko informazioa ere banatuko du txosnan eta izena emateko aukera ere emango du egunero 19:30etik 21:30era.