[BIDEOA] Moliñomarik girotuko du aurten Antxoko sanferminen hasiera
TOPAguneak sortutako pertsonaia berria, bihar (hilak 4), festetako lehen egunean iritsiko da Antxora, Marealtatik.
Iritsi dira. Bukatzear da atzerako kontaketa, eta Antxon dena prest da. Bihar hasiko dira sanferminak (20:00etan da txupinazoa), eta igandera bitartean marea zuri-gorriak hartuko ditu kaleak.
Oparo heldu da aurten ere bost egunetako egitaraua. Elkarte askok parte hartu dute egitarauaren osaketan, eta denetarik da aukeran, festetako urteroko klasikoak eta berritasunak. Festatik ba da, denak du toki.
Berritasunen artean nabarmentzekoa TOPAguneak sortutako pertsonaia berria. Moliñomari izena du, eta bihar jaitsiko da, 18:30ean, Marealtatik. Lehen aldia du Antxoko sanferminetan, baina zeozer jakingo du, txupinazorako Antxon izatekoa baita. Misteriotsua, oraingoz, pertsonaia.
Baina Moliñomari ez da aurtengo berritasun bakarra izango. Kontuan hartzekoa Saltseroen konpartsa mitikoaren berregituraketa. Uztailak zazpi duen aldiro festetako perrexila, gaztetzearen aldeko apustua egin du aurten barrutiko konpartsarik beteranoena, eta horretarako herriko gazte jendearekin indarrak batu. Aldaketa igarriko dela ziurra da.
Aldaketa esanguratsuak ere badira antolaketan, gehienak San Fermin Eguna larunbatarekin egokitu izanak behartuta. Esaterako, aurten Gazte Eguna eta Euskal Jaia egun berean izango dira, ostiralean. Egun emankorra izango da, herriko adin guztietako kuadrillak protagonista.
Bestalde, Basarik urtero San Fermin Eguneko arratsaldean antolatu ohi duen herri kirolen erakustaldia, aurten, igande eguerdian izango da (13:00etan) eta igandean izango da eta festetako azken eguneko egitaraua osatzeko, bestalde, Mimos tabernak antolatutako bertso jaialdi mundiala, aurten Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Arkaitz Estiballasekin.
Uztailaren 7an, berriz, San Fermin Eguna eta larunbata, ekitaldiak, egitarauan ezin kabitu. Bigantxak, nafar jotak, kukaña txapelketa, oilar borroka raparen zaleentzat, boxeo erakustaldia Ibaiondo, Basariren danborrada… eta zumardiko TOPAgunean, barrutien arteko olinpiadak eta musika talde hasi berriekin kontzertu maratoia.
Horiek aurreratu daitezkeen batzuk. HITZAk, hala ere, egunez egun joango da egitaraua iragatzen, ekitaldi koloretsuenen argazki galeriak eta kronikak zabaltzearekin bat.
