Hogeigarrena eta bizi-bizi
Hilaren 14an da Errenteria-Oreretako XX. Erromeria Eguna, eta Ereintza Dantza Taldeak urteurrena baliatu du, egitarau oso erakargarri batekin, ekitaldiaren bilakaera ospatzeko.
«Urtez urte dantzan plazan aritzen den jende kopuruak gora egin du» Alain Maya Ereintzako kide eta dantzaria «Herriarekin nolabaiteko lotura eduki dugun lau lagun gaude bandan » Andoitz Antzizar TrikitilariaOrdutik, urtez urte ekitaldiak «bilakaera handia» izan duela nabarmendu zuen Alain Mayak aurkezpenean, eta plaza dantzen esparruan hogei urte hauetan egin den lana «oso interesgarritzat» jo zuen. Herri dantzen ikastaroak antolatzen hasi ziren orduan, jendeak dantzak ikasi eta plazan dantzatzeko aukera izateko, eta iniziatiba hark harrera oso ona izan zuen. «Ikusi besterik ez dago nola urtez urte plazan dantzan aritzen den jende kopuruak gora egin duen», ohartarazi zuen Mayak. Egitarauak izan duen bilakaerari ere erreparatu zion Kukaiko dantzariak: «Beti saiatu izan gara gauza berriak ekartzen eta garaira egokitzen. Aurtengo egitaraua ere horren adibide da». Izan ere, Mayak azaldu zuenez, aurtengo egitarauan, 20 urteen «nolabaiteko laburpena» egin nahi zain dute, orain baino lehen Erromeria Eguneko protagonista izan direnei parte hartzeko gonbita luzatuta. Modu horretan, egitarau zinez erakargarria ondu du Ereintzak hilaren 14rako. Vilafrancako Castellersak Bi ekitaldi nabarmendu zituen Juantxo Mayak, Ereintzako kide eta hastapenetatik Erromeria Egunaren antolatzaileak: Vilafrancako Castellersak goizean, eta erromeria arratsaldean. Mayak goraipatu zuenez, aurten 250 casteller helduko dira Erromeria Egunera Vilafrancatik (Herrialde Katalanak), Euskal Herrian sekula egin den giza-gaztelu handiena egiteko. Bigarren aldia dute Vilafrancako castellersek Erromeria Egunean. 2014an ere egon ziren, eta askok izango dute gogoan orduko parte hartzea, oso ikusgarria izan zelako. Bada, aurtengoa, tamainan handiagoa, are ikusgarriagoa espero da. Nabarmentzeko, baita ere, arratsaldeko erromeria, aurten herriko itzal handiko musikariek gidatua. Taula gainean, Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puges ariko dira, oholtzara igoko diren lau gonbidatu bereziei beren proposamenekin laguntzen. Eta gonbidatuen zerrendan, Andoitz Antzizarrek aurkezpenean nabarmendu zuenez, «erromeriaren esparruko lau izan handi». Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien igoko dira zumardiko oholtzara. «Artistikoki begiratuta herriarekin nolabaiteko lotura eduki dugun lau lagun gaude oinarrizko banda batean», azaldu zuen Antzizarrek arratsaldeko erromeriaren berri ematean, eta ekitaldira gonbidatu dituzten artisten gainean ere hitz egin zuen: «Alde batetik ditugu garai bateko triki-poparen erakusgarri diren hiru izen handi, eta bestetik, gaur egun puri-purian eta indarrean dagoen gazte bat, Itsaso Elizagoien, oraintxe bertan Carlos Nuñezekin munduan zehar dabilen artista». Lau gonbidatuek Erromeria Eguna aurretik ezagutzen dutela nabarmendu zuen Antzizarrek: «Laurek izan dute Euskal Herrian barrena lotura erromeriarekin, baina baita Erromeria Egunarekin ere. Laurak etorri dira modu batean edo bestean Erromeria Egunera». Modu horretan artistikoki ere 20 urteak biribildu nahi izan dituztela azaldu zuen trikitilariak: «Herriko jendea gaude agertokian, baina ere berean erromeriarekin lotura eduki duten kanpoko artista handiak ekarri ditugu, eta nik uste dut bi ordu interesgarri beteko ditugula elkarrekin». Arkaitz Minerrek zehaztu zuen nola: «Lau artista handiak lagunduko ditugu haiek proposatutako kantuekin. eta era berean, uztartuko dugu hori guztia Erromeria Egunean ohiko diren dantza gidatuekin, jauziekin, edota bestelako herri dantza ohikoenekin». Aiko, aurten, goizean Aurrez aipatutakoak aurtengo ekitaldi nabarmenenak, baina ez bakarrak, ezta gutxiagorik ere. Aiko taldea bertan izango da berriz ere, baina aurten bestela. «Goizean, eta poteo-dantza formatuan, plazan beharrean, herriko taberna eta plaza desberdinetan», Mayak azaldu duenez.
«Lau artista handi lagunduko ditugu haiek proposatutako kantuekin» Arkaitz Miner Musikaria «Uda ez da ulertzen herri honetan Erromeria Eguna gabe» Ion Collar Kultura zinegotzia «Beti saiatu izan gara gauza berriak ekartzen eta garaira egokitzen» Alain Maya DantzariaEta horiez gain, nola ez, herri bazkaria 400 lagunentzat, Koldo Mitxelena plazan. Txartelak, Paki belardendan, Arkaitza tabernan eta Ereintzaren egoitzan jarri dituzte salgai. Erromeria Egunak bidelagun asko izan ditu bi hamarkadako ibilbidean zehar, eta guztiak izan dituzte gogoan 20. ekitaldiaren aurkezpenean, eskerrak emateko. Ereintzako kide Juantxo Mayak, haien ekarpenik gabe tamainako ekitaldiaren antolakuntzari aurre egitea ezinezkoa litzatekeela nabarmendu zuen hedabideen aurrean. Ereintzarentzat ere izan ziren esker oneko hitzak. Kultura zinegotzi Ion Collarrek Ereintzak dantzaren esparruan ez ezik, herrigintzan egiten duen lan eskerga eskertu zuen: «20 urte ez dira erraz betetzen, Erromeria Eguna antolatzen. Niretzat ikaragarria da halako artisten ondoan egotea XX. urteurrenaren aurkezpena egitea». Aurtengorako ondu duten egitarautik harago, «Ereintzak kulturgintzan bezala herrigintzan egiten duen lana» goretsi zuen Collarrek, «Errenteria-Oreretan, herria bizia egiten duen muskulu edo sare hori badela frogatuz. Uda ez da ulertzen herri honetan Erromeria Eguna gabe». Herritarrak plazara dantzara gonbidatuz bukatu zuten agerraldia. Hori baita erromeria, herritarrak dantzan plazan. Juantxo Maya Ereintzako kidea: «Jende asko egoten da egunaren zain, eta giro oso ona egoten da» Erromeria Egunaren sortzailea izan zinen, eta urtero egon zara, hutsik egin gabe, antolakuntzan. Nola aurre egingo diozu XX. urteurrenari? Ilusio handiarekin. Urteak pasatzen joaten dira eta Erromeria Eguna herri honetan oso sendotuta dagoen ekitaldia dela ikus dezakegu. Harrera oso ona du. Jende asko egoten da urtean zehar ikastaroak egiten Erromeria Egunean plazan dantzatu ahal izateko. Aurten, gainera, oso egitarau interesgarria osatzea lortu dugu, 250 castellers eta gonbidatu bereziak tartean, eta gainera herriko itzal handiko musikarien inplikazioarekin. Oso eskertuta gaude, eta ilusio handiarekin. Urteurrenek atzera begira jartzeko balio dute. Zuk nola gogoratzen dituzu Erromeria Egunaren hastapenak? Herriko hainbat lagun elkartu ginen eta herritik kanpoko pare bat kideren laguntzarekin hasi ginen honetan. Orduan erromeriak apenas antolatzen ziren inguruan. Hutsune bat zegoen, eta adineko hainbatek gugana jo zuten, eta eskatu ziguten ahalegina egiteko horretan. Pentsatzen jarrita, duela hogei urte, mendi inguruan betidanik egin ohi diren horietatik aparte, ez zegoen erromeriarik. Gu horrela hasi ginen, erromeria kalera ekarri nahian, jendeari aukera ematen kalera irten eta plazan dantzara biltzeko.
«Horrek asebetetzen gaitu, jendeak dantzatzeari lotsa galdu diola ikusteak» «Indarra dudan bitartean behintzat, lanean jarraitzeko asmoa dut»Ikastaroak antolatzen orduan hasi ginen, eta pixkanaka joera bera Gipuzkoako beste herrietara hedatzen joan da. Ideia hori zen, eta horrek asebetetzen gaitu, jendeak plazan dantzatzeari lotsa galdu diola ikusteak. Gaur egun gaiari hemendik eman genion bultzadari eskerrak, dantza ikastaroak eta erromeriak herri askotan egiten dira, eta gurean, zorionez, oso ekitaldi errotua da. Jendea egunaren zain egoten da, eta giro oso ona egoten da urtero. Bilakaera horretan zein une dituzu bereziki gogoan? Lehen urtea ikaragarria izan zen. Berritasun bat zen eta arrakasta itzela izan zuen. Jendetza etorri zen herrira. Geroztik, urtero, mimo handiz zaindu dugu, oso gurea den ekitaldia delako. Nik, pertsonalki, Patxi Perezek lehen aldiz parte hartu zuenekoa oso gogoan dut, oso berritzailea izan zelako eta Ipar Euskal Herriko jende asko erakarri zuelako gurera. Horrek bereziki poztu ninduen. Eta gaur [aurkezpenaren egunarengatik] ilusio handia egiten dit Maider Zabalegi hemen ikustea. Nik gogoan dut Maider, Alaitzekin 13-14 urte zituztela, hemen jotzen, eta hainbeste urteren ondoren hemen berriro ikusteak ilusio handia egiten dit. Erromeria Eguna osasuntsu dago eta erabat errotuta, baina etorkizunera begira zeintzuk dira erronkak? Adinean aurrera noa, baina herriaren alde lan egitea gustatzen zait, beti kulturaren esparruan, eta indarra dudan bitartean behintzat, lanean jarraitzeko asmoa dut, Erromeria Egunarekin, baita Ereintza eta Ereinekin antolatzen ditugun beste ekitaldiekin ere. Dantzari Txiki Eguna antolatzen 30 urte egin ditut, 20 Erromeria Egunarekin eta Madalenetako Dantza Solte Txapelketarekin ezin kontatu zenbat… Landarerekin ere 30 urtez antolatu dugu Gipuzkoako Haurren Aurresku Txapelketa, baita Bertso Festa ere, eta nire gogoan dago halakoetan lanean jarraitzea. Gainera, Erromeria Egunak etorkizun handia duela erabat sinetsita nago, jende askok laguntzen digulako urtero, baita gazteek ere.