Sanferminek egun handia dute gaur; urteroko tradizioak berritu dituzte gaur, baina egon da haize freskorik
Antxotarrei kosta zaie nagiak kentzea, baina eguerdian ongi erantzun diote festari.
Antxoko sanferminek hiru gau jan dizkiote egutegiari. Eta igartzen da. Gaur eguerdian ikusitako aurpegi batzuek azalerazten dute indar sobera handirik ez dagoela. Hala ere, gaur egun handiena denez, azken aurreko —ala azkeneko?— esfortzu bat egitea merezi du.
Egitarauak baja bat izan du goizean. Kukainan zehar ibiltzeko aukerarik ez da egon, Marealtak bere izenari ez baitio ohorerik egin. Trago txarra trago onekin azkar ahaztu dute antxotarrek, ekitaldiek ez baitute meniarik eman.
Saltseroak peñakoek urteroko irteera egin dute, baina ez da zaharrak berri izan; kide zaharragoen lekukoa hartuko duten gazteek kalejira egin dute kaleetan zehar, beteranoenekin batera. Hori bai, praktiketan daudela argi utzi dute bizkarrean itsatsita zeramaten
L berdearekin. Auto gidari berriak ez bezala, beraiek ez dira abiadura geldoan joan.
Jotak eta txakolina
San Fermin Eguneko bi zita ekidinezin errepikatu dituzte gaur. Alde batetik, Axular plazako jotak. Euskal Herriko hegoaldetik etorritako kantariek beren ahots korden indarra erakutsi dute. Bestetik, txakolin dastaketa, Gure Zumardian. Festetako
momentutxo horrek lagun mordoa bildu du.
Ondoren, erretiratzea tokatu da. Erretiratze aktiboa, bazkaltzeko momentua iritsi baita. Arratsalderako indarrak hartu behar dituzte,
ekitaldiz beteta baitator, nahiz eta ongi pasatzeko ekitaldiak ez diren beharrezkoak.
Bihar
Gaixoa Ni-ren txanda izango da. Bitartean, aprobetxatu orduak eta ez esan “gaixoa ni” behar baino lehen.