Publikoa besterik ez zaio falta Habaneretako ikuskizunari. Entsegu orokorreko kronika eta irudiak hemen.
Habaneretako entseguan balsa dantzatzen
Argia itzali eta faroltxoak piztu. Bakoitzak jositako gona eta alkandorak jantzi. Publikoa eseri. Besterik ez zaie falta Donibaneko Habaneretako parte hartzaileei iraganera jauzi egiteko.
Hiru hilabetez lanean jada oinarria sendotuta duen ekitaldia aurrera ateratzeko. Hamalaugarrenez ekarriko dute aurten Habaneren usadioa Donibaneko plazara, eguna eta ordua mantenduta; uztailaren 26an, 22:30ean. 100 parte hartzaile inguru mugitzen ditu, ia guztiak herritarrak. Dantza, musika, kantua eta antzerkia uztartzen ditu. Aste honetan denek batera egin dute entsegu orokorra eta dena prest utzi dute ostegunerako.
Frontoira iritsi eta musika zuzenean. Ina Goikoetxeak bere gitarra eraman zuen, dantzaren zein kantuaren erritmoa mantendu zuena. Entsegua, beraz, zuzeneko musikarekin egin zuten, eta, noski, espresuki horretarako sortu den abesbatzarekin. Dantzariak batetik eta abeslariak bestetik elkartu ohi dira hiru hilabete lehenagotik. Entsegu hasieran ere horrela antolatu ziren, baina ez zuten arazorik izan batak besteari jarraitzeko.
Publikoak hainbeste miresten duen En mi viejo San Juan kantuarekin hasi ziren, dantzariek bals bat dantzatzen zutela eta tarteka elkarrengandik urruntzen zirela antzeztuz. Zuzenekoan, ordea, ez da lehenengo kantua izango, publikoa itxoinaraziko baitute.
Horrez gain beste kantu asko entseatu zituzten, soilik dantzariek dantzatzen dituztenak. Baten bat birritan, akatsak zuzentzeko.
Ohitura zaharberritua
Ohitura zaharra berreskuratu dute Donibanen eta ohitura berria bilakatzen ari da. Iraganean, itsasoa zeharkatu eta Ameriketara joaten zirenekoa, kakaoa eta zilarra ekartzeko batik bat. Indigenekin negoziatzera, baita kontrabandistekin ere. Itzuleran festa egiten zuten plazan. Hori habaneren sorburua. Doinu apal zein biziek bi garai horiek deskribatzen dituzte, baita une bakoitzak protagonista bakoitzari uzten dizkion sentimenduak ere.
Ekitaldi hau sortu zenean, bi dantza besterik ez zituzten egiten, baina orain zazpi koreografiak osatzen dute ekitaldia, beste hainbeste kanturekin. Euskal doinu eta pausuak gehitu dituzte azken urteetan. Iturengo arotza, Maritxu nora zoaz, Ikusi nuenean, Donibaneko habanera eta Euskal Herriko, Txanton Piperri operako amaiera, beste batzuren artean.
Inplikazioaren emaitza
Parte hartzaileek urtero errepikatzen dute, baina jende oro dago bertara gonbidatua. «Guzti honek lana eta jendea behar du atzetik bultzaka», dio Rosa Sistiaga koordinatzaileak. 20 kide inguru dantzan, 70 inguru abesbatzan, hiru musikari eta plazan antzezten eta jolasean dabiltzan haurrak. Eszenatokia apaindu, faroltxoak banatu, afaria egin…
Afaria. Hori ere entseatu zuten. Izerdia bota ondoren mokadutxoa eta edaria zituzten prest.
Beste urtebetez ikusgarria izango dela aurreratu du entseguan utzitakoak. Eguneko zirrarek, jantziek zein gauaren argiak lagunduko dutelakoan daude.
Hilaren 25ean hasiko dira jaiak, Santio Egunean
Aurten egun bat gutxiago izango dute Donibaneko jaiek,
Santio Egunarekin hasiko baitira. Elektrotxaranga eta gazte afaria egongo dira, besteak beste. 20:00etan lehertuko da txupina eta astebeteko jaia iragarriko du.
Ohitura diren ekintza arrakastatsuenen artean Habanerak, sardina-jana, herri kirolak, gazte olinpiadak, herrien arteko desafioa, barrikotea, presoei omenaldia, Bull DJa, sokamuturra, batelarien estropada eta danborrada izango dira, besteak beste.
Berritasunak ere badaude. Gazteen arteko pintxo lehiaketa, habaneren ondorengo dantzaldi kubatarra, haurren bazkaria, ordu txikitako txokolatada txosnetan, poker eta xake txapelketak eta bertsolariak azken egunean.
Egunak betetzeko aitzakia bada, beraz, Pasaiako udako azken jaietan.