Banyeres del Penedes herrian ariko dira, bertako dantza tradizionalen jaialdian; bertako dantza taldeak Oiartzun bisitatu zuen lehen aldiz
Euskal Herriko dantza tradizionalak erakutsiko dizkiete kataluniarrei.
Oiartzungo hiru dantza taldeak —Olarri, Elizalde eta Haurtzaro— Katalunian ariko dira, Banyeres del Penedes herriko dantza tradizionalen II. Mostran. Herri horretako Esbart Santa Eulalia dantza taldeak 35 urte beteko ditu, eta ospakizun horren harira, Oiartzungo dantza taldeak gonbidatu dituzte.
Ez dute ausaz egin: 2014tik gaur egunera arte, bi herrietako kultur elkarteen artean trukeak egiten ari dira. Horrela, iaz, Banyereseko dantza taldea Oiartzunen aritu zen, lehen aldiz.
Inaugurazioa
Haurtzaro, Olarri eta Elizalde dantza taldeak ez dira dantza jaialdian parte hartzera mugatuko. Kataluniako herriko alkate Amadeu Benachen eskariz, dantzari oiartzuarrak Josep Cañas eskulturagilearen Pescador obraren inaugurazio ekitaldian izango dira.
Elkartrukean, dantza taldeetako kideez gain, Oiartzun-Banyeres del Penedes senidetza elkartekoak ari dira lanean.