‘Erreka’ eta Hondarribiko neskak, urteko palada garrantzitsuenen atarian
Eusko Label eta EuskoTren ligetan mantentzeko play-off estropadak jokatuko dituzte Bizkaian. Hondarribiko gizonen traineruak ligako bigarren postuari eutsi nahi dio
Estropada guztiak dira garrantzitsuak, baina batzuk beste batzuk baino gehiago. Asteburuan jokatuko diren biak hala izango dira Erreka traineruarentzat eta Hondarribiko emakumeentzat. Traineruen maila gorenean jarraitu ala ez erabakiko dute bihar eta etzi artean.
Bihar, Bermeon bogatuko dute arrosek eta berdeek. Parean, KAE1 Ligako Isuntza eta Astillero izango dituzte arrosek, baita Galiziako Ligan onenak izan diren Samertolameu eta Ares. 18:00etan hasiko da estropada, eta hil ala bizi atera beharko dute, erlaxatzeko aukerarik gabe. Igande eguerdian, berriz, Portugaleteko uretan neurtuko dituzte indarrak. Bi estropadetako denborak batu, eta bi onenak ariko dira 2019ko Eusko Label Ligan. Bost taldeek behin bakarrik parte hartu dute estropada berean aurten. Kontxako Banderaren sailkapenean izan zen, eta Astillero, Samertolameu eta Isuntza sanjuandarren aurretik geratu ziren. Ez zen ondorioak ateratzeko estropadarik onena izan.
EuskoTren Ligan, berriz, lehen urtea izan du Hondarribiak. Mailari eustea bilatuko dute Donostiarraren kontra Bermeon eta Portugaleten. Mutilen aurretik neurtuko dituzte indarrak Gipuzkoa ekialdeko bi traineruek. Sasoian hainbatetan izan dira hondarribiarrak donostiarren aurretik.
Hondarribiko mutilak, bestalde, Eusko Labeleko bigarren postua mantentzera aterako dira bihar eta etzi. Kontxako Bandera irabazteak ematen duen pozarekin irtengo dira hondarribiarrak bi estropada eremuetara. Urdaibaik liga poltsikoan dauka, eta Zierbena izango da arerio nagusia. Oriok sailkapenean aurreratzea ia ezinezkoa da.
San Pedro, berriz, ez da arraunean ariko. Hala ere, patroi onenaren elastikoa jasoko du Ander Etxegoienek. Igandean izango da hori.
Aldaketa Hibaikan Azken urteetan Gorka Barbadok gidatu du Hibaikako emakume arraunlarien trainerua. Aurten, baina, lan hori uztea erabaki du. Klubak egindako lan guztia aitortu eta eskertu dio, izan ere, behe mailako traineruak altxatzeko eta mugitzeko ahalegina egin du Barbadok. Madalen traineruarekin egin duen lana ere eskertu diote.
Esan dute nor izango den traineruaren entrenatzaile berria: Amaia Gezala hondarribiarra. Barbadok berak zein arraunlariek eta klubak konfiantza osoa dute beregan, pertsona «garrantzitsua» izan baitute taldean azken zazpi urteetan. Gezalak esperientzia handia dauka arraunlari gisa. Hondarribiko beheko mailetan hasi zen. Lehen aldiz gidatuko du traineru bat Gezalak.