Telmo Esnal: "Pelikula dantzatu bat da, dantzaz dantza istorioa kontatuko duena"
Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatuko du ‘Dantza’ Telmo Esnalek, emanaldi berezietan; bien bitartean, baina, badu nahikoa lan, ‘Agur Etxebeste’ filmarekin buru-belarri ari baita
«Argi nuen bisualki interesgarria eta erakargarria behar zuela» «Zinemak dantza beste era batera erakusteko aukera ematen dizu» «Uste dugu istorio nahiko unibertsala kontatzea lortu dugula»Koldobika Jauregiren ekarpena funtsezkoa izan da, ezta? Bai, ezinbestekoa. Egin duguna da Jose Antonio Urbeltzen sinbologia horiek guztiak jaso, eta janzkerak-eta egokitu kontatzen ari garen horri. Aldendu pixka bat betiko jantzi tradizionalez, eta aspektu edo ikuspuntu berri bat eman guztiari. Jantziak ere oso oinarrituta daude kontatzen ari garen horretan. Eta musika, kasu honetan, Pascal Gaigneren esku. Esan beharra dago aurretik lan handia egina dagoela Marian Arregi eta Mikel Urbeltzen aldetik, Argiako espektakulu guztietan hainbat musika tradizional egokitu dituztelako. Gu lan horretaz baliatu gara eta Pascalekin egin duguna da horri guztiari narratiba eman, egokitu. Melodiek funtzionatu dezakete ikuskizun baterako, baina agian kontatzen ari garenerako ez zuten balio. Horretan jardun da Pascal, pieza bakoitzari ematen behar zuen dramatismoa. Dantzak eta dantzen lokalizazioak zeren arabera hautatu dituzue? Lokalizazioek istoriora egokitu behar zuten. Herriek kontatu behar genuen horri plus bat eman behar zioten. Leitzan egin genuen, adibidez. Zergatik? Iruditzen zitzaigulako iraganeko herri bat izan zitekeela, baserriz inguratua, harriaren kolorea… Eta plaza ere oso egokia zen kontatu nahi genuenerako. Nafarroako Bardeetan grabatu dugu baita ere, behar genuelako leku anker eta lehor bat. Ildo narratibo horri jarraituta erabaki ditugu lokalizazio denak, eta ez pentsa, erotu egin gara, baina pentsatzen dugu istorio nahiko unibertsala kontatzea lortu dugula. Nola lortzen da euskal tradizioan sustrai sakonak dituen istorio bat unibertsal bilakatzea? Ez dirudi erraza. Gure dantzek, bereziak izanagatik ere, antzekotasun handia dute Europa eta Asiako dantza tradizional askorekin. Ezpata dantzak daude Europan zehar leku pilo batetan, zinta dantzak ere badaude, soka dantzak, polkak… Leku guztietan daude, eta hor atzean dagoen sinbologia oso antzekoa da herrialde guztietan. Horregatik uste dut, pelikula ulertuko dela edozein lekuan. Gu euskaldunak gara, gure dantzak hauek dira, eta horiekin kontatu dugu, baina beste dantza batzuekin konta zitekeen istorio bat da.
«Gaur egun onarpen handiagoa du euskal zinemak»
Agur Etxebeste grabatzen ari zarete azken asteotan. Nola doa errodajea? Nahiko kontentu gaude. Egia esan, talde guztia ezagunak gara, bai aktoreak, bai talde tekniko guztia, eta denak oso gogotsu gaude, disfrutatzen. Aupa Etxebeste-ren lantaldea berriz ere elkarrekin. Bai, ia denak errepikatzen dugu. Eskaini zigutenean filma egitea pentsatu genuen polita litzakeela ekipo berdinarekin egitea, eta %85ean hala da. Astebete egin dugu grabatzen [lehengo astean egindako elkarrizketa da] eta nahiko gogorra izan da, gauza asko ditugulako egiteko eta denbora gutxi, beti bezala zine mundu honetan, baina emaitzarekin, oraingoz, oso kontentu gabiltza. Zergatik erabaki duzue Asier Altunak eta zuk Aupa Etxebeste-ren bigarren zatia egitea orain? Irusoinek eskaini zigun, duela bi urte inguru. Bere garaian ere egon zen halako ahalegin bat, baina gu orduan ez ginen bat ere interesatuak, baina orain, bat- batean, hamar urte geroago imajinatzea Etxebestetarrak zertan ariko ziren, grazia egin zigun, eta esan genuen ‘zergatik ez? Goazen aurrera egitera!’. Horrela izan da. Asier [Altuna] aritu da bere aldetik, bere lanak egiten, eta ni ere bai, eta hau momentu polita zen biok berriro elkartu eta hastapenetara itzultzeko. Pelikula mugarria izan zen Aupa Etxebeste, besteak beste urte askoan zinematan gehien ikusi den euskarazko pelikula izan delako. Horrek nola eragingo dio Agur Etxebeste filmari? Presioa dakar horrek? Nik ez dut horretan pentsatu nahi. Bestela ere nahiko exijentzia jartzen diot lan bakoitzari horretan pentsatu gabe. Egia da hala izan zela, lehenengo pelikula euskaraz ez dakit zenbat urtean, eta takila aldetik ere oso ondo joan zen. Handia arte rankingaren lehen posizioan egon da, baina niri horrek ez dit loa galaraziko. Nik nahikoa daukat istorio sendoa eraikitzen. Pasa dut denbora dezente gidoiarekin, eta orain grabazioetan horri heldu eta ahalik eta ondoen egiten ari naiz, jendeak disfruta dezan. Gero gertatuko da gertatu behar dena.«Etxebestetarrak zertan ariko ziren imajinatzea grazia egin zigun»2005ean grabatu zenuten Aupa Etxebeste eta ordutik zinemaren panorama asko aldatu da. Talde teknikoa, urteen poderioz gero eta sendoagoa dago pelikulak egiten. Eskarmentu gehiago du eta hori nabari da pelikula bakoitzean. Beste aldetik, produkzio aldetik ere, badago aldea. Aupa Etxebeste egin genuenean lehen pelikula izan zen, eta orain urtero badaude aukerak hainbat istorio kontatzeko. Gero eta jende gehiago dabil eta industria sendotzen ari da apurka. Hala ere, aldaketa, nire ustez, kanpotik dator, euskal zinemarekiko ikuspegia da aldatu dena. Egia da guk ere eskarmentu gehiago dugula eta agian hobeto egiten ditugula gauzak, baina nik uste dut betidanik saiatu garela ahalik eta txukunen egiten pelikulak. Gaur egun onarpen handiagoa du euskal zinemak. Etxebestetarrak ere asko aldatuko ziren urte hauetan…. Hamalau urte geroago Etxebestetarrak… Horixe aurrera dezakedana. Ea lortzen dugun berriz ere jende asko eramatea zinemetara, zentzu horretan ere asko aldatu baita egoera. Duela hamalau urte jendea gehiago joaten zen zinera gaur egun baino, asko jaitsi da. Jende askok orain etxean ikusten ditu pelikulak, ez da zinemara joaten. Agur Etxebeste-rekin zer lortu nahiko zenukete? Nik espero dut jendeak pelikula ikusten disfrutatzea eta ondo pasatzea, aurrekoaren adina posible baldin bada, eta gehiago baldin bada, hobe.