Harrera oso ona izan du San Pedron Jai Batzordearen proposamenak, eta larunbatean herritar asko bildu dira frontoia inguruan atondutako zirkura. Trapezistak, pailazoak, funanbulistak… denetarik ibili da Arraunlari kalean gora eta behera, eta luze jo du parrandak.
Ostiralean hasi ziren festak, Sanpedrotarra Arraun Elkarteko Ander Etxegoienek suziria botata. Etxegoienek Patroi Onenaren Saria irabazi du aurten Eusko Label Ligan, eta herritarrek aitortza egin diote.
Hortik aurrera denetarik eta gustu guztietarakoak izan dira aukeran: lapiko arteko lehiak, kirola, musika, txikienentzako jarduerak… menu erakargarria jai batzordean bildutako herritar prestuek mimoz landuak.