KPIaren igoera ezarriko zaie zerga eta petxa gehienei, igoko ez diren batzuen salbuespenekin; etxez etxeko zerbitzuaren arautegia moldatu dute
Atzo egin zuten ikasturteko lehenengo plenoa.
Ikasturte politikoko lehenengo udalbatzarra egin zuten atzo, asteazkena. Hamar gaiko zerrenda zuten mahai gainean, eta sakonen artean lehenengoa 2019ko tasen eta petxen ordenantza izan zen.
KPIaren arabera —%2,3— igoko dira zerga gehienak, baina egongo dira salbuespenak, ordaindu behar dena jaitsi edo mantenduko direnak: Xorrolaren txartela, errolda bajak, udalaren lokalen erabilera pribatua, barraken okupazioa, industriako ur eta estolderia tasa, etxez etxeko laguntza zerbitzua, Ondasun Higiezinen Zerga berrikusiko da… Aho batez onartu zen ordenantza.
Beste puntu batean, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren araudia egokitzea onartu zuten, egungo errealitatera moldatzeko, populazioaren bizi itxaropena handiagoa baita. Urteko egun guztietan eskainiko da zerbitzua, eta gehienezko prezioa orduko 15 eurokoa izango da. Gainera, populazioaren segmentu gehiagotara zabalduko da (ezinduak, esaterako).
Diru laguntzen ordenantza
Udalak ematen dituen diru laguntzen ordenantza onartu zuten, baita ere. Arautegi orokorra izango da, arlo edo sail guztietan irizpide berberak jasotzeko. Gero sail bakoitzak bere deialdiak egin beharko ditu. “Arautegi hau gida moduko bat da”, argitu zuen Jon del Olmo zinegotziak. EAJ, batzordean, abstenitu egin zen, baina atzokoan ordenantzaren alde eman zuen botoa.
Gainontzeko puntuei dagokionez, nabarmenena izan zen kirol instalazioetako prezioak onartu zituztela.