Igoera lau alorretan proposatu du Gobernu taldeak, %1ekoa kasu guztietan, zerbitzuek duten defizitari erantzuteko.
Ion Collar (Errenteria Irabaziz) eta Jon Txasko (EH Bildu) gaurko agerraldian gobernu taldearen ordenantza fiskalen proposamena aurkezten.
Ekonomia sustatzeko aurreko urteetan hartutako neurriak mantendu dituela udalak 2019ko Ordenantza Fiskalak egiteko garaian esan du Jon Txaskok ordenantza proposamena aurkezteko Ion Collarrekin batera egin duen agerraldian. Hobariak eta exentzioak ere mantendu dituztela oro har ere esan du, “esfortzu handia egin dugu, zein egoeran gauden ikusita, herritarrak ez gainzamatzeko”.
“Eusteko ahalegina” erakusten dute ordenantzek Txasko eta Collarren aburuz, eta hori eguneroko kudeaketa egokiari esker da egingarria bien esanetan: “Kudeaketa egoki horrek gainera, aukera emango digu inbertsio ugari egiten eta zerbitzuen kalitatea mantentzen jarraitzeko”.
Salbuespen batzuekin, tasak eta zergak izoztea proposatu du gobernu taldeak 2019ko ordenantza fiskaletan. Hala, JEZ jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga; gainbalioen zerga; jarduera lizentzien gaineko tasak; hirigintzako lizentzia eta zerbitzuei dagozkienak; hilerriko tasak; TAO; ibilgailuak eramatea; ibi, hesi eta bestelako okupazioen tasak; terrazen tasa, eta Kiroldegietako eta Errenteria Musikaleko zerbitzuak ere izoztea proposatu du.
Igoerak lau zerga eta tasatan planteatu dituzte, eta %1ekoak izango , “KPIaren igoeraren oso azpitik” (abuztuan %2,2koa zen). Igoera horiekin, hainbat zerbitzuk sortzen duten defizitari erantzutea duela helburu udalak esan du Txaskok. 2019an %1 garestiago izango dira Hiri Izaerako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga, Ur hornidura eta Estolderia Zerbitzuaren tasa, eta Hondakinak Biltzeko eta Ezabatzeko Zerbitzuaren tasa. Azken bi horien defizitaren gaineko datuak eman ditu Txaskok, “Ur hornidura eta estolderia zerbitzuaren defizita %10,8koa da oraindik, eta hondakinak biltzeko eta ezabatzekoaren kasuan, %46,5eko da defizita”.
Hori igoerei dagokienean. Baina beste aldaketak ere proposatu ditu gobernu taldeak, eta horien barruan kokatu dute Etxez etxeko laguntzaren zerbitzua. Horretarako sarbidea errazte aldera, orduko gehienezko prezioa 18,87 eurotik 14eurora jaitsiko dute. Etxe barruko hainbat obren kasuan, berriz, ez da lizentziarik eskatu beharko, ezta tasarik ordaindu beharko ere: “Ez da tasa edo zergarik ordaindu beharko azulejo estalduretarako, sukalde edo komunetako igeltserotza lanetan, termoak eta berokuntza jartzeko iturgintza lanetan, eskaiola jartzean edota etxe barruko zurgintzan”.
2016an esfortzu handia egin zuela udalak jarduera lizentziak ematearen gaineko tarifak murrizteko eta horretan mantendu dutela datorren ekinaldirako proposamena nabarmendu du Txaskok, “duela bi urte %82 murriztu ziren jarduerarako eta establezimenduak zabaltzeko lizentzien gaineko tasa. Tokiko ekonomia sustatu nahi dugu, saltokiak zabaltzea nahi dugu herrian, horregatik neurria. Establezimenduak zabaltzeko lizentzia 700 euro ordaintzetik 100 euro ordaintzera pasa ziren, eta alde handia da”.
Ingurumen politika aktiboa
Ingurumen politika aktiboari garrantzia eman dio gobernu taldeak, eta Collarrek azaldu duenez, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuek hobaria izango dute zergaren kuotan ezaugarrien arabera. Hartara, motor elektrikoko ibilgailuek %75eko hobaria izango dute, lehen matrikulaziotik hasita, lau ekitalditan, eta motor hibridodunek, berriz, eta erregai gisa gasa erabiltzen dutenek %75eko hobaria izango dute lehen matrikulaziotik hasita bi ekitalditan.
Hondakin organikoak bereizten dituztenek ere izango dituzte hobariak 2019an. %60 inguruko birziklatze tasa du Errenteriak, “eta hori herritarrei esker da. Ahalegin hori babesteko, etxeko eta auzoko konpostajean parte hartzen dutenek %30eko hobaria izango dute; edukiontzi marroia erabiltzen duten etxebizitzek, berriz, %25ekoa, eta %20koa merkatariek”.
Aurreko urteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko onartutako zerga neurriak zein ingurumenaren arloko hobariak mantenduko dituztela gaineratu du Collarrek: “Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren hobariak mantenduko zaizkie bereziki babestutako kooperatibei, adibidez, eguzki energia erabiltzen edo produzitzen dutenei, edo beren langileentzako garraio plan bat ezarri dutenei. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren tipo murriztua ezarriko zaie ohiko bizilekuan egindako obrei, hirigune historikoko birgaitzen obrei, konponketei, fatxadak margotzeko lanei, eta teilatu konponketei. Azken zerga horren gaineko hobariak mantenduko dira interes bereziko obretan, eta obra lizentziaren edo aurre komunikazioaren tasa ordaintzetik salbuetsita jarraituko dute 6.000 euro baino gutxiagoko aurrekontuko obrak”.
Gaur publiko egin duten proposamena udalean ordezkatuta dauden beste alderdi politikoei helarazi diotela esan du bestalde, Txaskok. Hilabete honetako ohiko plenoan aztertuko dute, eta orduan onartuko dituzte, ezusterik ezean, 2019 Ordenantza Fiskalak.