Justizia Epaitegi Nagusiak udalak lau langile berronartu behar zituela ebatzi zuen. Horietako hiruk, kaleratu dituztela salatu dute gaur.
Anguita, Rodriguez eta Moreno gaurko agerraldian.
Errenteriako TAO zerbitzuko langile izan zirenek agerraldia egin dute gaur eguerdian ELA sindikatuaren egoitzan. Jasaten ari diren egoera “negargarria” dela salatuta, berriz ere, epaitegietara joko dutela jakinarazi dute.
Hiru dira langile horiek momentuz, zaintzagatik lan jarduna murriztua zuten, eta
epaitegiek horiek berronartzera kondenatu zutela udala nabarmendu dute, “oinarrizko eskubideak urratu zituela langileak kaleratzerakoan esan du epaiak. Errenteriako Udalean berronartuak izan behar bagenuen ere, berriz ere, kaleratu egin gaituzte, hilaren 5ean zehazki”.
Erantzukizun partekaturik duen enpresa multinazionalik ez dagoela orain esan dute, Irune Morenok, Loli Rodriguezek, eta Larraitz Anguitak, beste herri batean birkokatuak izan daitezen eskatzeko, “oraingoan erantzukizun osoa Errenteriako Udal Gobernuarena dela argi esan dezakegu. Udalean inolako lanik eman ezin digutela argudiatuz hartu dute erabakia”.
Lanpostu bat izatea dela euren eskaera bakarra esan dute, “eta horren aurrean gure eskubideak urratu nahi dituzte. Izan ere, ekonomikoki oso altuak diren kalte ordainak jasotzeari uko egin diogu. Kalte ordain altuak eskaini zaizkigu, gure begiz ikusi dugu dirua ez zela arazoa, ez zegoela mugarik beren eskuzabaltasunean kalte ordainak emateko garaian, beti ere lanaz hitz egiten ez bagenuen. Baina guk, lan egin nahi dugu, hori da gure nahi bakarra. Gainera, ez da beraien dirua, Errenteriako biztanleena baizik, eta ez zen beraien enplegua, gurea baizik”.
TAO zerbitzuko langile ohiak “diruarekin isiltzea” dela gobernu taldearen asmoa salatu dute azkenik, “gure borondatea lanaren bidez soldata bat izatea denez, langileok berriz ere, epaitegietara jotzea erabaki dugu gure eskubideak defendatu asmoz”.