Hondakinen birziklatze tasa handitzea helburu, organikoarentzako edukiontzi berriak jarriko dituzte, txartelarekin dabiltzanak.
Pasaiako Udalak hondakinen bilketarako estrategia berria aurkeztu du gaur. Gaikako bilketan eta birziklatzean aurrera egin asmoz
65a helburu deritzan plana jarriko dute martxan, helburu zehatz batekin: “Europak 2030erako ezarritako %65eko helburua askoz ere epe laburragoan lortzea”.
Zehaztu dutenez, planaren bitartez, materia organikoaren eta bio-hondakinaren gaikako bilketa indartu nahi dute bereziki, “zakar poltsaren %40 organikoa delako, eta atal horren bilketaren emaitzak hobetzea funtsezkoa delako Europako helburuak lortzeko”.
Horretarako, lehenik eta behin edukiontzien sistema hobetuko dutela iragarri dute. Abiapuntu gisa, materia organikoaren edukiontziak ordezkatuko dituzte, giltza mekanikoarekin zabaltzen direnak kendu, eta horien ordez 65 edukiontzi berri jartzeko.
Organikorako edukiontzi berriak txipa duten txartel magnetikoen bidez zabalduko dira, eta hori dela eta, 8.500 txartel bidaliko dituzte Pasaiako etxe guztietara, txartelaren erabileraren gaineko argibideekin batera. Udalak zehaztu duenez, orain arte 4000 familiek zuten organikoaren edukiontziaren giltza. 8.500 txartel banatuta, “organikoa birziklatzeko aukera nabarmen handituko” dela esan dute.
Txartelaren bidez, herritarren parte hartzea erregistratuko dute, gerora tasetan beherapenak eta hobariak ezarri ahal izateko. Txartela azarotik aurrera erabili beharko da.
Horrez gain, edukiontzi berriak jarri eta txartelak banatu ondoren, poltsa konpostagarriak doan banatzeko makinak jarriko dituztela iragarri dute. Udalak lizitazio prozesua jarri du abian, makina horiek erosteko.
“Inposiziorik gabe”
Berritasun hauek guztiak “estrategia baten lehen urratsak” direla adierazi du Izaskun Gomez alkateak, “hain zuzen ere, borondatezko parte hartze sistemaren bitartez zabor bilketa eta birziklatzean aurrera egiteko estrategiarenak”.
Izan ere, Pasaiako alkatearen iritziz, Pasaian atez atekoa bertan behera utziz geroztik birziklatze tasan “lortutako %56ak frogatzen du ez dela beharrezkoa inposatzea birziklatzeko”, eta ontzat eman du datua, San Markoko Mankomunitateko batez bestekoaren (%46,7) eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%52,99) gainetik dagoela argudiatuta. Hala ere, Gomezen iritziz “beharrezkoa da bultzada berri bat emaitza horiek hobetzeko eta Europak ezarritako helburuak gainditzeko”.
Alkateak zehaztu duenez, estrategia berria diseinatzerakoan oso kontuan izan dituzte udalak
aurreko udaberrian egindako kanpainan ingurumen hezitzaileek herritarrengandik jasotako iradokizun eta ekarpenak.
Etxeetara banatuko duten eskutitza