Guruzne Azpiroz.
Guruzne Azpiroz (Oiartzun, 1984) da San Juan-Koxtaperen emakumeen traineruaren entrenatzaile berria. Azken bi urteetan Anartz Gereñok izan du Batelerak gidatzeko ardura, lehiatu duten ia guztia irabaziz gainera. Kluba oso eskertua dago Gereñok egin duen lanagatik, “emandako guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Anartzi. Iaz, esaterako, garaipenen errekorra lortu genuen. Lan bikaina egin du”, adierazi du Xabier Arraras presidenteak.
Azpiroz San Juango arraunlari izandakoa da aurretik. Esaterako, bi Kontxa eta beste bi EuskoTren liga ditu irabaziak Batelera bezala. Iaz, Lapurdiko emakumeen trainerua entrenatzen izan zen. Beraz, emakumeen arrauna ondo ezagutzen du, baita kluba eta taldekide izango dituenak ere. Jada arraunlariekin bildu da Azpiroz, eta klubetik HITZAri esan diotenez, iazko kirolari gehienek jarraituko dute San Juango emakumeen ontzian. “Harreman estua du arraunlariekin, ezagutzen ditu. Etxekoa da. Guk etxekoen aldeko apustua egiten dugu. Gainera gaitasuna badu. Uste dugu bera zela Batelerak entrenatzeko pertsona aproposena”.
Etxabe, gizonen entrenatzaile
Beste oiartzuar bat, Juan Mari Etxabe, izango da aurten ere gizonen traineru nagusiaren gidari. KAE1en ariko da aurten San Juanen gizonen traineru nagusia. Iaz arraunlari gutxi eta gazteekin lehian ibili ziren sanjuandarrak, eta jaitsi arren, egindako lan eskerga baloratu egin du zuzendaritzak.
Izan ere, 12 baja esanguratsu zituela ekin zion gizonen traineruak 2018ko sasoia prestatzeari. Traineru gaztea osatu zuten, eskarmentu txikikoa beharbada, baina hala ere Arrarasek esan du denboraldiaren balorazio baikorra egiten dutela, “zoritxarreko urtea izan zen. Baja asko izan genituen. Baina arraunlariek egindako lana oso ona izan zen. Izugarrizko konpromisoa izan zuten. Arraunlari kopuruak baldintzatu gintuen iaz, ez kalitateak”. Gizonen traineruan iazko blokeak jarraituko duela baieztatu du Arrarasek.
Gizonen B trainerua ere ateratzeko asmoa du San Juanek, KAE2 Ligan arituko litzatekeena. Harrobiaren aldeko apustua da arraun elkartearen filosofiaren oinarria, eta horri eutsi nahi diote. Entrenatzailean aldaketa izango du gizonen B ontziak. Miguel Pinak hartuko du Josema Azkueren tokia.
Lotutako albisteak