Guztira 784 lan aurkeztu dituzte film laburren jaialdira eta horietatik, 33 pasa dira lehiaketara fasera.
Ezkerretik eskuinera, Escudero, Sedeño, Martinez eta Collar, Film Laburren Jaialdiaren aurtengo ekinaldia aurkezten.
784 lan aurkeztu dituzte aurten Errenteria Film Laburren Lehiaketara, eta horien artetik 33 pasa dira lehiaketa fasera jokoan diren hamar sarietako bat eskuratzeko. Gaur aurkeztu dute XXIII. Errenteria Film Laburren jaialdia Ion Collar Kultura zinegotziak, Maitane Escudero Kultura saileko ordezkariak, Jonathan Sedeño OzZinema Elkarteko kideak, eta Sandra martinez Niessen zinematako arduradunak.
Datorren ostegunean hasiko dira lehiaketa fasera pasa diren
film laburrak ematen, eta beraz, hilaren 22, 23 eta 24an proiektatuko dituzte Niessen Zinematan, 19:30ean hasita, eta horiek amaituta solasaldiak izango dira zuzendariekin. Sari banaketa ekitaldia berriz, hilaren 25ean (igandea) egingo dute Niessen kulturguneko auditorioan 19:00etan hasita. Irabazle izan diren lanak ikusteko aukera izango da sari banaketaren ostean, eta ondoren luncha izango da.
Ez dute lan erraza izango datozen egunetan epaimahaikideek, lanik onenak aukeratzeko. Horretan arituko dira, Ion Collar Kultura zinegotzia, Iker Tolosa Kultura teknikaria, Kristina Zorita kazetaria, Irati Cano zinemagilea, eta Ricardo Fernandez zinemazale eta blogaria.
Mary Sheyllen Frankenstein
Zinema aitzakia hartuta hainbat ekintza paralelo antolatu dituzte Kultura sailetik. Besteak beste, Mary Shelleyren
Frankenstein obraren 200 urteurrenaren harira ziklo txikia antolatu dute. Hilaren 19an (astelehena),
Frankenstein eta zientzia hitzaldia egingo dute Mentxu Aiertza Lanbide Heziketako irakasleak eta Gotzone Barandikak EHUko Kimika Ez-organikoko irakasleak Xenpelar Etxean, 19:00etan.
Hilaren 20an berriz,
Frankenstein berpiztuko balitz? tailerra egingo dute haurrei begira Xenpelar etxean 17:30ean hasita, Elhuyarko zientzia komunikatzailea den Ane Galarragarekin. Ekintza horretan parte hartzeko aldez aurretik eman behar dute izena interesdunek.
Zikloa bukatzeko berriz, hilaren 27an
Mary Shelley filma emango dute Niessen zinematan 19:30ean.
Erakusketa ere antolatu dute:
Many faces of zinema. Zinemaren milaka aurpegi. Jaialdiaren kartelaren egilea den Ruben B. Caballerok zineman oinarituta sortutako lanak ikusi ahalko dira Xenpelar Etxean hilaren 20tik 30era astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Zinetxiki saioa ere antolatu dute film laburren lehiaketaren harira, formatu txikiko zinema txikienengana helarazteko. Zehazki, Bilboko Zinitxiki jaialdian saritutako film laburrak ikusteko aukera izango dute Niessen kulturgunean hilaren 24an 12:00etan.
Vermutsika proiekzioak
Aurreko guztia gutxi balitz, zinemaren hastepenetara bidaia ere proposatu dute.Iñar Sastre pianistaren errezitaldia eta zinemaren hasierako film laburren proiekzioak uztartuta helduko dira, bermuta edo muztioa lagunduta. Hilaren 25ean izango da hori Niessen Kulturgunean 12:30ean.