San Juango emakume arraunlariek taldea utziko dutela berretsi dute
Komunikatu baten bidez bizikidetza arazo larriak tarteko erabakia itzuliezina dela jakinarazi dute.
Iragarria zuten eta gaur egin dute. San Juango emakume arraunlariek taldea utziko dutela berretsi dute gaur komunikatu baten bidez. Bizikidetza arazo larriak izan direla baieztatu dute beste behin, eta horien ondorioz talde uzteko erabaki itzuliezina dela baietsi. Edonola ere, beren adierazpenek nahasmena sortu dutela aitortu eta hainbat argibide eta zehaztapen eman dituzte, besteak beste, zuzendaritzaren lana aintzat hartzen dutela adieraziz, “borondatezkoa, etenik gabekoa eta beharrezkoa” delako. Era berean, baina, arraunlarien eta zuzendaritza taldearen arteko sinbiosia gehiegi okertu dela eta mugak gainditu direla diote, eta zuzendaritzako kide batzuen barkamen eskaera beranduegi iritsi dela uste dute. Taldea uzteko erabakia “frustazioz, etsipenez eta tristuraz” hartu dutela diote, beraiengatik, baina bereziki “beti ondoan izan duten herriarengatik”.