53.982.456 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak; Beraungo igogailua, Barandiaren parke azpiko aparkalekuak, eta auzoetako argiteria aldatzea nabarmendu dituzte.
Jon Txasko eta Ion Colar aurrekontu proposamenaren aurkezpenean.
53.982.456 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur gobernu taldeak datorren ekinaldiari begira. Mugikortasuna, gizarte babesa, kultura eta iraunkortasuna jarri ditu oinarrian, baina horiekin batera bestelako proiektuei ere ekingo die. Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar alkateordeak aletu dituzte aurrekontu proposamenean bildutakoak. Hasteko, 2025 Plan Estrategikoa dagoela aurrekontu proposamen horren oinarrian zehaztu du Txaskok, baina ez hori bakarrik, aurten auzoetan egindako batzarretan jasotako herritarren eskaerak ere aintzat hartu ditu udalak: ” 2025 plan estrategikoa da arima, baina aurten egin ditugun 15 auzo batzarretan 817 bizilagun bildu dira, eta bertan jasotako proposamenak ere izan ditugu kontuan aurrekontu proposamen hau egiteko garaian”.
Berritasunekin heldu da, gainera, aurrekontu proposamenaren aurkezpena, lehenengoz, hasieratik
helburuetan oinarritutako aurrekontua egin dutelako. Iaz hasi ziren lanketa hori egiten EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Aitzindaria da Errenteriako Udala arlo horretan Gipuzkoan.
Oinarri dituzten ardatzei dagokienean, mugikortasunaren atalean
Beraungo igogailua nabarmendu du Txaskok: “Igogailuaren lanak egiteko 780.000 euroko aurrekontua izango dugu”. 2019aren erdialdean hasiko dira lanak, eta Beraun kaletik abiatuta, Jesus Gurdidi, Crisostomo Arriaga Julian Lavilla, eta Galtzaraborda etorbidea lotuko ditu, Beraun eta Galtzaraborda artean ardatza sortuta. Beste igogailua ere aurreikusi dute, eta datorren urtean haren gaineko proiektua egingo dute: Gaztañoko igogailuaren proiektua. Azken hori egiteko, 60.000 euroko inbertsioa proposatu du udalak aurrekontu proposamenean.
Txaskok nabarmendu duen beste proiektuetako bat Barandiaran parkeko lurpeko aparkalekua da. 162 plaza eraikitzeko, 500.000 euroko diru zatia aurreikusi du. Horrekin batera, kaleak asfaltatzeko 200.000 euro, eta hiri mantenurako 150.000 euro aurreikusi ditu gobernu taldeak arkitektura oztopoak ezabatzen jarraitzeko bidean.
Gizarte babesaren aldeko apustua
Gizarte babesa da aurrekontu proposamenaren beste oinarrietako bat, eta horren aldeko apustua berretsi du Txaskok gaurko agerraldian: “Iazko kopuru beretan mugituko gara aurten ere diru zati horretan. Egia da, poliki bada ere egoera hobetzen ari dela baina guretzako ezinbestekoa da gizarte babesaren aldeko apustua. Horren harira, 1.066.000 euro bideratuko ditu udalak gizarte larrialdiko laguntzetarako, Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren beharrei erantzuteko, nahiz eta erakunde horren eskumenekoa izan gaia”.
Gogora ekarri du gainera, joan den urte amaieran, Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak argitara atera berri zuen txostenean, Errenteriako Udala
gizarte ongizatean 20.000 biztanletik gorako herrien artetik biztanleko gehien inbertitzen zuena zela. Zehazki 277,09 euro dira inbertitzen direnak errenteriar bakoitzeko.
Garapen sozioekonomikoa eta enplegua sortzea ere jarri ditu jomugan, eta 558.000 euroko aurrekontua bideratu du proposamenean enplegu planetara.
Ekonomiaren motorea den zalantzarik ez dute, baita gizartearen eta aniztasunaren garapenerako tresna, eta horregatik da beste oinarrietako bat kultura arloa. Horren barruan,
Lekuona Kultur Fabrika eta
Beraungo Kultur Etxea nabarmendu ditu Collarek. 2019an zabaltzea aurreikusita dago bi azpiegitura horiek, eta ekipamenduetarako 600.000 euro bideratu dituzte.
Iraunkortasunaren atalean, argiak aldatzen jarraitzeko 572.000 euroko diru zatia inbertituko du udalak Alaberga, Galtzaraborda eta Iztieta-Ondartxon; ingurumen eta mendi eta ibaietako biodibertsitatea lehengoratzeko proiektuetara 100.000 euro bideratu ditu; eta beste 380.000 eurotik gora beste hainbat jarduketetara, tartean, hondakinen arloko prebentziora.
Hirigune historikorako hainbat esku hartze proposatu dituztela nabarmendu du bestalde, Collarrek: “EITak eta birgaitze lanak egiteko diru laguntzak, lokaletarako ekintzak, Gamon zumardirako ideia lehiaketa bat, eta ostatu aterpetxe bat (Erdiko kalean) abian jartzea alde zaharra biziberritzeko proposatzen dugu, eta horretarako 800.000 euroko diru zatia. Halaber, Ondartxo birgaitzeko, 80.000 euroko diru zatia aurreikusi dugu”.
Kirol azpiegituretan eragin nahi du, bestalde udalak, haiek hobetuta: “Beraungo estadioa birgaituko da 505.000 aurrekontuarekin, eta espazioa berrantolatu ondoren beste futbol zelai bat egin ahalko da, eta belar artifiziala berrituko dugu. Atletismo beharrei erantzuteko estalki handi bat jarriko dugu, eta harmailen eremua hobetuko da”.
Arramendi parkearen gainean egindako parte hartze prozesuari segida emateko, aplikazio bat ezarri da prozesu horren emaitzei erantzuteko. Proiektua 100.000 eurokoa izango da. Saneamendu sarean, bestalde, 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute, eta kopuru bera, paperontziak, bankuak eta hiri altzariak berritzeko. Sare elektrikorako berriz, 75.000 euroko aurrekontua zehaztu du gobernu taldeak aurrekontu proposamenean.