Lekuona Sorkuntza Fabrika berriko lanak astelehenean hasiko dituzte

Mendoza eta Collar Lekuona Fabrikaren gaineko prentsaurrekoan.

Mendoza eta Collar Lekuona Fabrikaren gaineko prentsaurrekoan.

Lekuona Sorkuntza Fabrikako lanak astelehenean hasiko dituzte, eta 11 hilabeteko epean espazio berria errealitatea izango da. Horrela jakinarazi dute gaur Julen Mendoza alkateak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak, “2019ko martxoan errealitatea izango da Lekuona Fabrika, dena ondo bidean”.

2016ko uztailaz geroztik daude geldituta lanak bertan, eta astelehenetik aurrera hasiko diren lanek gainera, proiektu berria gauzatuko dute. Izan ere, Arte Eszenikoen Zentroa egiteko hitzarmena sinatu zuten 2014aren amaieran  udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ondoren, baina, arazoak izan ziren obrarekin eta kontratua eten eta santzioa ezarri zion udalak bertan ari zen enpresari, 2016ko uztailean. Hori gertatu zenean, aldundia eta udalaren arteko desadostasunak agerian gelditu ziren. Gauzak horrela, eta ikuspegi ezberdinak zituztela ikusita, elkarrizketa bidea abiatu zuten bi erakundeek, proiektuari norabide berria emateko.

2016ko abenduan aldundiarekin sinatutako protokoloan eman zitzaion norabide berria Lekuonaren gaineko proiektuari. Erabilerak aldatu ziren, eta proiektu berriaren arabera, liburutegia, auditorioa eta sorkuntzarako espazioak izango dira. Diziplinarteko talde batek diseinatu du proiektu berria: udal teknikari, arkitekto, kultur eragile eta norbanakoak, eta kultura munduko profesionalak aritu dira. Udalak azkartasunez jardun duela Lekuonako proiektua egi bihurtzeko esan du Mendozak gaurko agerraldian, eta Lekuona Sorkuntza Fabrikaren gaineko zehaztasunak eman ditu. 4.228 metro koadro izango ditu Lekuona Fabrikak, eta hiru gune nagusi.

Elkartrukerako, erakusketarako eta sozializaziorako espazioa kokatuko dute beheko solairuan. Aurkezpen, informazio eta jasoketa, eta mediateka izango dira bertan. Taberna-kafetegia ere bertan kokatuko dute. Espazioa Gernika plaza eta haurren parkeko gunea eta harmailak egongo diren gunea interkonektatuta izango dira. Lehen gune honek, erakusketak eta hitzaldiak ere jasoko ditu. Beheko solairu horretan izango da areto handi zentrala. Auditorio funtzioa izango du eta 691 pertsonentzat eserita eta 2.196 lagunentzat zutik izango du lekua. Aretoaren ezaugarri nagusia, “malgutasuna” izango dela azaldu du Mendozak: “Horrek egingo du berezi. Bildu daitezken eserlekuak izango ditu, eta altxatzeko aukera emango duen agertokia. Azken horrek, hainbat konfiguraziotako erakusketak egiteko aukera emango du. Aretoa gainera, hiru espazio txikiagotan banatzeko aukera emango du, erakusketa txikiak, hitzaldiak eta bestelakoak egiteko”. Ekialderago dagoen gunea, beirazko itxiturarekin lotuko dute sarrerarekin. sarreran bertan, espazio handia bat sortzeko aukera emango du egiturak, bertan egon, esperimentatu edota esperientziak konpartitzeko, alkateak azaldu duenez.

Esperimentazio eta jolaserako gunea

Esperimentazioa eta jolaserako gunea kokatuko dute lehenengo solairuan, eta hiru gune nagusitan banatuko dute. Lehenengoa, haurrei eskainiko diete, eta bertan jolaserako espazioa sortuko dute, altzari zehatzekin jolasteko eta biltzeko aukera eskaintzeko; Haurrei begirakoa izango da bigarren espazioa ere, baina esperimentazioari eskainia; azkenik, hirugarren gunea, bulego eta behar administratiboetara bideratuko dute.

Ikasketa eta ikerketarako gunea izango da bigarren solairua. Bi areto handi izango dira bertan; bata, isiltasun espazioa izango da eta  ikasketa eta kontsultarako izango da, “liburutegi klasikoen antzekoa”, zehaztu du Mendozak; bestea, moldagarria izango da eta ikerketa eta ikasketara bideratuko dute.

Sotoan, liburuak eta hainbat material gordetzeko gunea sortuko dute, auditorioa eta areto nagusiaren beharrak asetzeko, eta azkenik, teilatua ere baliatuko dute Lekuona Fabrikan: “Teilatu laua izango da eta 100 lagunentzako lekua izango du. bertan hainbat ekintza egiteko aukera izango da”.

Parte hartze prozesuaren bigarren fasea

Ion Collar Kultura zinegotzia Kulturako Plan Estrategikoaren gainean mintzatu da. “Partaidetza prozesua planteatu zuen udalak eta lehen bileran jasotako edukia jakinaraziko zaie herritarrei datozen asteetan zabalduko dugun bigarren fasean. Kultura arloa nola lantzen ari garen garrantzitsua da, azken batean, plan estrategikoaren ardatza da, udalerriaren zein eskualdearen aldaketa sozio ekonomikoaren motorra”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend