Iñigo Legorburu: "Erronka pertsonalak dira lehiaketak"
Zortzi lehiaketetan saritu dute aurten Iñigo Legorburu errenteriarra, eta urtea amaitu aurretik beste bi sari eskuratzeko aukera ez du baztertu. Bertso paperak ditu nahiago aukeran, baina ipuingintzan ere aditu bihurtu da.
Lehiaketa non, Iñigo Legorburu han.
Bai, azken aldian bai. Hobe esanda, azken urteetan hala izaten ari da. Ahal dudan guztietan hartzen dut parte.
Zer dute literatura eta bertso paper lehiaketek zuretzat?
Zure buruaren kontra eta aldi berean, zure buruarekin lan egiteko modu bat dira sariketak niretzat. Erronka pertsonal gisa ikusten ditut. Sariketek, gainera, badute gauza bat, lanak aurkezteko egun bat, eta garrantzitsua da. Presioarekin lan egiten dut, eta behar dut, bestela ez nukeelako idazlanik bukatuko. Ez dakit zergatik den, baina hala da.
Bertsolaritzaren periferian kokatu duzu zure burua. Bertso paperetan eroso sentitzen zara, oholtza gainean, berriz, bat-batekoan, ez omen duzu lekurik topatu. Zergatik?
Uste dut oholtza ez dela nire lekua. Xenpelar Bertso Eskolan jarraitzen dut oraindik, eta probak eginda ez naiz eroso sentitu izan bat-bateko saioa egiten. Jario falta, edo momentuko inprobisaziorako gaitasun eza sentitu izan dut, hori den-denek ez dutelako, eta lagun artean, konplizitatean gustura aritzen naiz, baina hortik kanpo ez. Tokatu izan zait ezkontzetan abestea eta, bat-batekoan aritzea, eta horietan ere tentsio puntu batekin aritu izan naiz.
Bertso paperetan gustura sentitzen naiz. Bat-batekoa eta bertsopaperak, futbola eta areto futbolarekin alderatzen ditut. Bietan bertsoak egin behar dira, baina bertso paperetan baloratzen dira beste gauza batzuk. Nahi duzun denbora duzu printzipioz horiek egiteko, arauak zorrotzagoak dira, errimak estuagoak, eta horrek badu bere xarma.
Eta zein da, orduan, futbola eta zein areto futbola?
Batean zein bestean gola egin behar da, bertsoa egin behar da, baina areto futbola bertso paperak lirateke eta futbola, bat-bateko bertsolaritza. Bertso paperak prestigio bera ez badu ere, lanketa eskatzen du, arau zorrotzagoei aurre egin behar die, zortzi bertso sorta egin behar dira gutxienez, eta zer esan izan behar duzu, ez duelako balio bertso on bat eta zazpi txar egitea.
Biak oso antzekoak dira, baina bere berezitasunekin. Gaur egun bertso paperek ez dute duela mende bat zuten garrantzia, gaur egun literaturaren beste alor bat bihurtu dira.
Aurten zortzi sari eskuratu dituzu aurkeztu zaren literatur lehiaketen artetik. Ez da marka makala, ezta?
Zortzi lortu ditut momentuz, baina uste dut hamarrera helduko naizela aurten. Egun batzuk falta dira oraindik urtea amaitzeko, eta beste bi sari poltsikoratzeko aukera badudala uste dut, sariketa batzuk zintzilik ditudalako.
Eta lehiaketetan hasi zinenetik zenbat jaso dituzun badakizu?
60 sariren bueltan ibiliko naizela kalkulatzen dut, aitortu behar dudalako ez nabilela kontaketan fin. 2000. urtean aurkeztu nintzen lehenengoz lehiaketa batera, Egiako Bertso Paper Lehiaketara, zehazki. Bi alditan bigarren egin nuen sariketa horretan, eta handik Lazkao Txiki Lehiaketara pasa nintzen. Hasieran, bertso paper lehiaketetan hartzen nuen parte, eta gerora hasi nintzen olerkiekin eta ipuinekin.
Motzean gusturago ibiltzen zara idazlan luzeetan baino?
Bai, hala da, motzean gustura nabil. Ez dakit zergatik, ohitu naiz lan egiteko modu batera, oso zehatza, idazlan motzak egitera. Aurten, adibidez, Xake Hezitzailearen Lagunen elkarteak antolatutako literatura lehiaketan hartu dut parte eta bertan idazlanak 10-30 orrialde artekoa behar zuen. Hamar ikusi nuenean, luzeegia iruditu zitzaidan. Azkenean hamahiru orrialdeko lana idatzi nuen, eta irabazi, baina kostata egin nuen, ni motzean aritzen naizelako gustura. Niretzako hori maratoia da, asko da [barrezka].
Nola egiten duzu hainbeste lehiaketetan parte hartzeko. Motzak izanda ere, pentsatu behar dira, idatzi…
Sariketen parte bihurtu da jakitea non zer antolatzen duten. Gaur egun Internetekin hitz klabe batzuk asmatuz gero erraza da informazioa topatzea jakiteko non antolatzen diren lehiaketak. Sariketa asko, gainera, urtero errepikatzen dira, eta horiek gogoan ditut. Denborari dagokionean egunero idazten dut, baina horretan ere motzean ibiltzen naiz, ordu erdi-edo dedikatzen diot. Ez naiz idazten luze egoten diren horietakoa. Afaldu, haurra oheratu eta ondoren hasten naiz idazten. Beti ordubetetik behera ematen dut idazten, gehiago ez.
Egia da denboraren poderioz ere beste erritmo bat hartu dudala. Hasieran bi ordu ematen nituen agian zertaz idatzi erabakitzeko, zeri heldu. Gaur egun, irratian entzun dudalako, edo egunkarian irakurri, etxera heltzen naizenerako, ordenagailu aurrean jartzen naizenerako idazten hasten naiz zuzenean.
2010ean lehenengo Mariasun Landa Lehiaketa antolatu zuen Errenteriako Udalak, eta bertara aurkeztuta saria jaso zenuen. Zer suposatu zuen zuretzako sariketa hori irabazteak?
Oroitzapen izugarri polita dut. Nik uste dut nire lehiaketarik kuttunena bihurtu dela, sari banaketa emozioz betetako saioa delako. Joxepa Antoni Petrirena argi izpi bat Xenpelarren itzalean lana aurkeztu nuen, eta kuriosoa izan zen nola heldu nintzen lana idaztera. Arkaitza tabernan ginela, bertako Jone Arrutik aipatu zuen elkarrizketa erabat informal baten barruan, barra ertzetik, Xenpelarrek bazuela iloba bat bertsotan egiten zuena. Hortik abiatu nintzen informazio gehiagoren bila. Saria irabaztea izugarria izan zen, are izugarriagoa, ordea, ondoren etorri zena. Elixabete Perez Gazteluk ondoren lan izugarria egin zuen Joxepa Antoni Petrirenaren gainean, eta hark eman zion benetako mamia.
Gipuzkoako Bertsozaleen Elkartearen eskutara heldu zen, eta unitate didaktiko bat egin zuten espresuki Errenteriako ikastetxeetan lantzeko. 5.000 haurri baino gehiagori heldu zitzaien, eta egun erabiltzen jarraitzen dutela uste dut. Harrigarria izan zen sortu zen elur bola. Ni tarteko katebegi baino ez nintzen izan, txingorrak piztu zituena, baina ikusita ondoren etorri zen guztia oso pozik nago egindakoarekin.
Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketan ere parte hartu duzu. Saririk ez, baina zure ipuin bat Gogoratzen nauzuenetan liburuan txertatu zuten antolatzaileek. Zer suposatu zuen horrek?
Ohore handia izan zen nire ipuina liburu horretan jasotzea, baita lehiaketa bera, eta Asun Casasola ezagutzea ere. Lehiaketa berezia dela esango nuke.
Motzean aritzen zarela gustura esan duzu, baina zein genero duzu gogokoen?
Nik uste dut denaren hasiera eta oraindik orain gustukoen dudana bertso papera dela. Oarsoaldean, Martindarrak [Alaia eta Jon], Karmele Mitxelena, Aitor Albistur… Bertsolari handiak baditugu. Sentsazioa dut bertsolaritzan ondo aritzen direnak edozein generotan aritzen direla bikain, eta hor Mitxelenaren adibidea dugu, sari garrantzitsuak eskuratu ditu. Bertso paperak hain zorrotzak dira, margena ematen dizutenean idazteko erraztasuna hartzen duzula. Bertso paperek duten magia gustatzen zait, eta aukeratzekotan, horiekin gelditzen naiz.
Abestien letrak ere sortu dituzu, tartean, Errenteria-Oreretako OarsoIrriak iniziatibarena eta Hibaika Arraun Elkartearena.
Bat ahaztu duzu, Kuadrillen Eguneko kanta. Hasteko, horiek guztiak egitea ohorea izan da niretzat. Hibaikaren kasuan, gainera, justizia kontua ere bazen. Hibaikaren jarraitzaile sutsua naiz, eta meritu izugarria dutela uste dut entrenatzen duten baldintzengatik. Bai neskek bai mutilek entrenatzen duten moduan entrenatuta lortu dituzten emaitzek meritu handia dutela iruditzen zait.
Ipuinetara eramateko Errenteria-Oreretako txoko bat?
Beheko kalea. Mikelazulo Kultur Elkartea eta Arkaitzaren atzeko aldera ematen duen kale hori berezia da niretzat. Arkaitza tabernarekin eta bertsogintzarekin lotzen dut batetik, eta bestetik, erdigunean dago eta nahikoa bakartia da, lasai ibiltzeko modukoa, berezia zu zure buruarekin egoteko.
Xenpelar Bertso Eskolara 18 urterekin heldu zinen. Zer eman dizu bertso eskolak?
Lagun talde oso berezia izan da niretzako Xenpelar Bertso Eskola, eta atera ditudan sariak lagun talde horri zor dizkiot neurri batean, gure artean oso zorrotz izan garelako, nahikoa kritiko, eta elkarri motibatzen ere jakin dugulako.
Nondik datorkizu lehiaketetarako zaletasun hori, noiz piztu zitzaizun harra?
Nahiko berantiarra izan naiz, 20 urteren bueltan hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen. Sariketa txiki batzuetara aurkeztu, saria ateratzeko zortea izan eta hortik aurrera hasi nintzen. Gainera, lehiaketetan parte hartzea bada Euskal Herria ezagutzeko modu bat, horrela heldu naiz bestela sekula joango ez nintzatekeen lekuetara, kuriosoa da.
Bertsolaritzarekin, literaturarekin, zerekin identifikatzen zara gehiago?
Zalantzarik gabe, bertsolaritzarekin. Literatura handi gelditzen zaidala uste dut, nahiz eta ipuinak idazten ditudan.
Mariasun Landa sariketa aipatu duzu aurretik kuttunenen artean, bada besteren bat bereziki gustuko duzuna?
Aitortu behar dut atentzioa eman zidala izugarri Oihenart Aforismo Lehiaketak. Filosofia fakultateak antolatzen du lehiaketa hori, behin irabazi nuen eta ilusio handia egin zidan, zerbait berezia izan zelako.
Urtean hamar sari jasota anekdota bat baino gehiago ere izango duzu.
Gogoan dut orain dela urte batzuk bertso paper lehiaketa batean parte hartu nuela, bertso eskolako beste kide batzuekin batera. Emaitza korreo arruntaz bidali zuten, eta beste kideak nik baino lehenago enteratu ziren nik irabazi nuela lehiaketa. Xelebrea.
Aurkeztutako lan horiekin guztiekin liburua edota bilduma egitea pentsatu al duzu?
Batek baino gehiagok esan dit ea ez ote dudan asmorik halakorik egiteko. Egia esan, uste dut oraindik ez dela horretarako momentua. Oraindik zer edo zer gehiago egiteko aukera dudala uste dut, eta bizitzaren fase honetan lanpetu samar nabilenez, ez dut halakorik egiteko asmorik. Planteatzeko zer edo zer bada. Martxa honetan idazten jarraitzea dut buruan, eta ea etorkizunak zer ekartzen duen. Egia da nahiko nukeela zerbait luzeagoa egin, poesia lan luzeago bat edo. Oraingoz motzean, ordu erdiko tarte horietan idazten, eta lehiaketetara aurkezten jarraitzeko asmoa dut.