113 tiro erantzulerik gabe
Bihar bezalako egun batez, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaian; 30 urtera segada hartan gertatutakoak argitu gabe jarraitzen du
Olatz Mitxelena / Pasaia
Tiro hotsak. Horiek gogoratzen dituzte gehien 1984. urteko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotakoen lekuko izan zirenek. Gauez izan zen segada, eta asko ikusterik ez zuten izan. Baina entzun bai, inguruko bizilagun gehienek ederki entzun zuten. Eta ez da kasualitatea. 113 tiro jaurti zituen poliziak egun hartan Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideen kontra.
Gerora, Pasaiako segada bezala ezagutu den hartan Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963) hil zituzten. Lapurditik zetozen, zodiak batean, Joseba Merinorekin batera, eta Donibanen zuten zita, Rosa Jimenorekin. Baina Jimeno aurretik atxilotu zuen poliziak eta torturapean KAAko kideekin hitzordua egitera behartu zuten.
KAAko kideak Pasaian lehorreratzera zihoazela, tiro bat entzun, eta segidan, tiroka hasi ziren puntetako pasealekuaren goialdean ezkutuan zeuden poliziak, 50tik gora gerora jakin denez. Handik gutxira San Pedro aldetik polizia gehiago etorri ziren, itsasoz, eta Joseba Merino, Delas eta Aizpuru arroketara igoarazi zituzten. Merinok, segadatik bizirik irten zen kide bakarrak, bere begiekin ikusi zuen polizia Delas eta Aizpuru fusilatzen, jada atxilotuta zituztenean.
Erantzulerik ez
Sarraski hartatik 30 urte pasatu direnean, ez dago hilketa haien erantzulerik. Akusazio partikularreko abokatu Santiago Gonzalezek jakinarazi duenez, orain arte deklaratu duten poliziek, —garai hartan Donostiako komisariako burua zena eta Madrilgo informazio taldeko brigada bat tartean—, beti izan dituzte oso «erantzun iheskorrak». Ez zuten ikusi, ez dute gogoan, ez da aktan jaso. Halako erantzunak eman dituzte defentsako abokatuek galdetzeko aukera izan duten bakoitzean.
Gauzak horrela, Gonzalez ez da oso baikorra, nahiz eta oztopoak oztopo, ikerketari eusten dioten. «Eskatu genuen balistika txostena, autopsia berri bat eta gertakizunen bersortzea, baina ezetz esan zuen epaitegiak, eta orain dela bi aste ezezkoa berretsi du entzutegi probintzialak», jakinarazi du Gonzalezek.
Horrez gain, herri akusazioak eta akusazio partikularrak batera, Pasaiako segadan izan ziren polizia zenbaki guztiak eskatu dituztela jakinarazi du Gonzalezek. Zenbakiak Fiskaltzari igortzea eskatu dute, ondoren epaitegiek erabaki dezaten. Baina aurrekariak ikusita, ez dute uste eskaera honek bide luzea egingo duenik. «Espero dezakeguna da Fiskaltzak froga honen kontra egitea», dio Gonzalezek. Epaitegiek gerora zer egingo duten, ordea, ez dute hain argi.
Bono eta Leguina lekuko
Edonola ere, defentsak badu oraingoz nondik tira. Akusazio partikularrak Jose Bono Espainiako Defentsako ministro ohiaren testigantzak eskatu ditu, baita Joaquin Leguinarenak ere, Madrilgo komunitateko buru izandakoarenak. Lekuko gisa deklaratu dezaten nahi du akusazio partikularrak, eta horixe da azken diligentzia, oraindik ebatsi gabe dagoena.
Izan ere, Bonok, Pasaiako segada Enrique Casas PSOEko senatariaren hilketarekin lotzen du bere memorietan. Bonoren arabera, Leguinak kontatu zion, Danborenea PSE-EEko buru zela EAJkoekin bildu eta harek esan omen ziela jeltzaleei Casas senatariaren heriotzak erreakzioa ekarriko zuela. Bilkura hori izan eta denbora gutxira gertatu zen Pasaiako sarraskia.
Adierazpen horiekin askoren begietara orain arte susmoa izan dena baieztatu egin du Bonok, eta horregatik deitu nahi du defentsak deklaratzera.