Hamabost presio eltze hainbat materialekin beteko dituzte, Saharara bidaltzeko. Oiartzuar guztiak gonbidatu dituzte Sahara Egunean parte har dezaten.
Urteak dira Sahara Eguna egiten dutela udalekuetan. Argazkietan, iazkoa.
Saharako bost haur ari dira oporraldia Oiartzunen pasatzen, azken urteetan bezala. Udalekuetan ari dira parte hartzen, eta duela hainbat udaratik hona Sahara Eguna ospatzen dute bertan.
Astelehenean izango da aurtengo ekitaldia, Doneztebe plazan. Udalekuak antolatzen dituen Abaraxkak eta El Watan elkartea elkarlanean aritzen dira egun hori antolatzeko.
Aurtengo ikasturtean, Haurtzaro ikastolan hamabost presio eltze jaso dituzte, Saharara bidaltzeko. Ez hutsak, ordea: udalekuetako haurrek ikas materiala, eztia, esne kondentsatua eta kakao krema sartuko dituzte bertan. El Watan elkarteak izango du hamabost eltzeak Saharara helarazteko ardura.
Abaraxkak Sahara Eguna elkarrekin ospatzeko deia luzatu die oiartzuarrei. Presio eltzeak betetzeko materiala eskatu diete.