Zigor Garro atera da espetxetik
Baldintzapean irten da garro espetxetik, eskumuturreko telematikoa jarrita eta hala izan beharko du zigorra betetzen amaitzen duen arte; udaberrian izango da hori.
Zigor Garro preso oreretarra gaur goizean atera da Mont Marsango (Okzitania) espetxetik. Baldintzapean irten da garro espetxetik, eskumuturreko telematikoa jarrita eta hala izan beharko du zigorra betetzen amaitzen duen arte; udaberrian izango da hori. Senideek Hendaian (Lapurdi) duten etxean amaituko du zigorra oreretarrak.
2006a atxilotu zuten Garro Quezac herrian (Lozere, Frantzia) Marina Bernado, eta Ekain Mendizabalekin batera. ETAko kide izatea egotzi zieten hirurei.
2017ko azaroan DPS zerrendatik atera zuen Frantziako Estatuak Garro eta beste zazpi euskal preso; bereziki zaindu beharreko presoei ezartzen dieten estatusa da DPS. Besteak beste, erredentzioak eta espetxe onurak eskuratzea zailago dute estatusa ezarria dutenek, eta eragina du presoen bizi baldintzetan. 2018ko otsailean berriz, Zokoara (Lapurdi) ekarri zuten Saint Maur (Euskal Herritik 680 kilometrora dago espetxe hori) urtarrilaren 29an zendu zen Paki Perez amari azken agurra ematera. Iazko otsailean lekualdatu zuten Mont de Marsan espetxera (Okzitania) eta joan den uztailean eta irailean lan kontuengatik espetxetik irteteko egun bateko eta hiru eguneko (hurrenez hurren) baimenak eman zizkioten.
Garro da Frantziak baldintzapekoa eman dion Hego Euskal Herriko lehenengo presoa.