Eskola euskalduntzeko kanpaina hasi du EHEk
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eskolak euskalduntzeko kanpainan murgilduta dabil azken aldian. Euskal Herri osoan dago martxan kanpaina, baina lurralde bakoitzean errealitatea oso ezberdina dela kontuan hartuta, helburu ezberdinak dituzte. Errenteria-O...
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eskolak euskalduntzeko kanpainan murgilduta dabil azken aldian. Euskal Herri osoan dago martxan kanpaina, baina lurralde bakoitzean errealitatea oso ezberdina dela kontuan hartuta, helburu ezberdinak dituzte. Errenteria-Oreretaren kasuan, helburuak gurasoengana zuzendu dituzte.
Hala, garrantzitsutzat jo dute EHEko kideek gurasoak informatuta izateari: “Askotan entzuten diogu guraso bati ‘mi hijo en el cole ya aprende euskera así que no tendrá problema’, baina hori ez da egia”. Zentzu horretan, gogorarazi dute hiru ikasletik bi ez direla euskalduntzen eta ez direla aurrerago ere euskaldunduko. “Hortaz arduratu behar dira gurasoak”, zehaztu dute.
Gogorarazi dute urteetan egindako lanari esker, hainbat aurrerapauso eman dituztela: “Datu ofizialek diotenez, gure herrian matrikulatzen diren haur guztiek D ereduan egiten dute, eta horrela ikasiko dute derrigorrezko bigarren hezkuntzara arte, behintzat. Hala ere, asko dira, egun, LHn B ereduan ikasten dutenak”.
Egungo politikek, baina, aurrerapauso horiek oztopa ditzaketela uste dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxan jarri nahi duen hiru eleko eredu berriaren bidez, esaterako. Gaineratu dute martxan jarri dutela eredu hori “D ereduko matrikulazioa %75era jaitsi denean”.
107.768 sinadura
Kanpainarekin lotuta, duela lau urte eskolak euskalduntzearen alde sinadurak biltzen aritu zirela azaldu dute EHEkoek. Hala, 107.768 sinadura bildu zituzten Euskal Herri osoan.