Errenteria-Oreretako erregeen kabalgata aurkeztu dute
Hiru erregeek nahiko lan izango dute larunbat gauean, baina baita arratsaldean ere. Erregeen desfilean gozokiak nahiz txokolateak banatuko dituzte, eta haurren eskaerak ere entzungo dituzte. Ohi bezala, 18:00etan abiatuko da kabalgata Tulle kaletik eta ohiko ibilbidea egin ostean, udaletxean egingo dute geldialdia.
Aurtengo berritasun nagusia harreran ikusi ahal izango da, ez baita ohi bezala udaletxean egingo, Merkatuzarren baizik. Unai Unsuain zinegotziak azaldu duenez, espazio txikia izaten da udaletxean, eta ume zein gurasoek kanpoan egon behar izaten dute zain, eta eguraldiaren arabera, gogorra egin daiteke. Aurten, ordea, Merkatuzarrera eramatea erabaki dute espazio zabalagoa eskaintzen duelako eta egokiagoa delako eguraldiarengandik babesteko.
Bestalde, lau karroza aterako dira, erregeen postariarekin eta hiru erregeekin, eta eurekin batera, zuzi eramaileak izango dira. Jaiotzaren atzetik ibiliko dira erregeak; horko protagonistak, ordea, ez dira karroza gainean joango, gurdi gainean baizik. Baserritarrek lagunduko dituzte jaiotzako kideak. Desfilearen lehen filan banda egongo da.
Guztira, 510 kilo gozoki eta 7.000 txokolatezko txanpon banatuko dituzte.
Berritasunak, antolakuntzan
Aurtengo beste berritasuna antolakuntzaren aldetik etorri da. Lehen udala aritzen zen bezala, aurten batzorde bat ibili da desfilea prestatzen, eta bertan parte hartu dute Eureka, Jaitoki Furius eta Tellerik. Urrian hasi ziren bilkurak egiten, eta guztira, hiruzpalau egin dituzte.