Behin betiko atez ateko sistema, hilaren 10ean aurkeztuko du udalak
Hondakinen behin betiko sistema bilketa aurkezteko data jarri du udalak. Lekua eta ordua zehazteko baditu ere, datorren ostegunerako deitu du parte hartze prozesuaren azken urratsa izango den batzar nagusia, eta bertan parte hartzera deitu ditu, gainera, lezoar guztiak. Batzar horretan astean zenbat egunetan eta zein ordutegian bilduko diren hondakinak, atarietan papera eta kartoia biltzeko edukiontziak jarriko dituzten, frakzio bakoitza noiz bilduko duten, azalduko dute, “ekarpen guztiak jasota proposamen guztiak baloratu eta teknikoki bideragarriak diren edo ez aztertzen ari gara horretarako”, esan du Zabalok.
Bost ekarpen gune
Atez atekoaren gaineko beste hainbat kontu erabakita daude dagoeneko, larrialdi guneei eta zintzilikagailuei dagozkienak kasu, alkateak azaldu duenez: “Udalaren lehendabiziko proposamenean hiru ekarpen gune aurreikusi genituen. Altamira eta Landa eremuko auzotarrekin egindako saioetan ordea, haien auzoetan halako guneak jartzearen beharra plazaratu zuten. Teknikoki baloratu ostean, Udalak onartu egin du eta beraz, bost ekarpen gune izango dira herrian”. Zintzilikagailuen kasuan ere erabakia hartuda dagoela esan du, “garatzen ari garen azterketa teknikoaren arabera kokatuko ditugu”. Behin sistema ezarrita, ordea, sei hilabeteko epea zabalduko udalak bizilagunek aldaketak proposatzeko.
Autokonpostari begira
Bilketa sistema berria martxan jarrita, hainbat zerbitzu orain arte bezala mantenduko dituztela azaldu dute udaletik, bestalde. Hala nola, beira, pilak, arropa, sukaldeko olioa eta altzariak berdin biltzen jarraituko dute, “udaletik zerbitzua hobetzeko ahalegina egingo dugu gainera, beira edukiontziak berkokatuta, adibidez”.
Autokonpostaz ere aritu dira parte hartze prozesuan, eta hura bultzateko konpromisoa azaldu du udalak. Horretarako hilabete honetan eta otsailean zehar ordu eta erdiko ikastaroak antolatu ditu herritarrei begira. Beren hondakin organikoa autokonpostatzen duten bizilagunek zerga tasetan %40ko hobaria jasoko dute, gainera, Zabalok azaldu duenez, “2013. urterako udalak onartutako neurria da hori eta herritarrek gustura jaso dute berria”.
Behin betiko bilketa sistemaren atarian, 2013ko lehen lauhilekoan abiatzea aurreikusi baitu Zabalok, atez atekoaren gainean egindako parte hartze prozesuaren balorazioa egin du udalak, amaitzeko: “Arrakastatsua izan da prozesua, parte hartze kopurua handia izan delako eta saioak lan giro onean egin direlako”. Herritarren aldetik jasotako “erantzun ona” nabarmendu du zehazki, eta “harro” azaldu da, “Lezorako egokiena den gaikako bilketa sistema guztion artean definitu delako”.
Iazko azaroan hasita, hogei parte hartze bilera egin ditu udalak eta 600 herritarretik gora izan dira saioetan.