Elitxu eta Lapitzeko bizilagunen kexak eta iradokizunak bildu eta horiei irtenbidea emateko zenbait proposamen egin zituen iragan astean Jose Antonio Santanok, Alkatea Auzoetan programaren barruan. Bizikidetza, errepide eta bide publikoen egoeraren gaineko kezkak nagusitu ziren bizilagunekin izandako bilkuretan.
Horiek horrela, Bidasoa eta Pio Baroja institutuen eta La Salle ikastetxearen inguruan sortzen diren zabor arazoak, Aduana kaleko eta Elitxuko biribilgunearen arteko asfaltoan hausturak, edota Olaketa parkearen gomazko lurzoruaren egoera txarra salatu zituzten besteak beste bizilagunek. Halaber, lorategien, zuhaitzen eta zuhaixken mantentze lanekin ere kexu agertu ziren bizilagunak.
Bizikidetza arazoei dagokienez bestalde, gazte lokalekin eta tabernen ordutegiekin arazoak, eta zenbait etorkinen jarrerak ere salatu dituzte auzokideek.
Irtenbideak
Arazoei aurre egiteko helburuarekin, Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi duenez, Txingudiko Zerbitzuak-ekin, Udaltzaingoarekin eta udaleko zenbait arlokin harremanetan jarri eta zenbait arazo konpontzeko esku hartuko dutela adierazi du. Hala ere, beste zenbait kexei dagokienez, prozesuak luzera jo dezakeela jakinarazi du alkateak. Lapitzeko eta Elitxuko bizilagunen kexak eta neurriak ezagutzeko udalaren
weborrira jo dezakete interesatuek.
Lapitze eta Elitxuko bizilagunekin mantendutako bilerak, Alkatea Auzoetan programaren 2012. urteko azkenak izan dira. Belaskoenea, Artiga, Larreaundi, Behobia eta Dunboa ere bisitatu ditu dagoeneko alkateak eta 2013. urterako ere, zenbait bilkura gehiago aurreikusi ditu.