Duela bi aste Espainiako Auzitegi Gorenak Errenteria-Oreretako bost gazte espetxeratzeko agindua eman zuen, eta horietatik hiruk, Xabier Lujanbio, Arkaitz Anza eta Maitane Linazasorok, ezkutatzeko erabakia hartu dute euren “lan politikoarekin jarraitzeko”.
naiz.info-n argitaratu duten bideo baten bidez eman dute euren erabakiaren berri.
Lujanbio agertzen da bideo horretan, eta berak ematen ditu azalpenak. Gazteak azaldu duenez, euren lan politikoagatik izan dira zigortuak “epaian agertzen den bezala”, eta erabakia hartzerako garaian, “bakarrik torturapean egindako autoinkulpazioan” oinarritu direla adierazi du.
Epaiari emango dioten erantzun onena “lan politiko horrekin jarraitzea” dela iritzi diote hiru gazteek, eta horregatik hartu dutela, esan du Lujanbiok, ezkutatzeko erabakia.
Bestalde, eskerrak eman dizkie azken aste eta hilabeteetan euren etxeko ateak ireki dizkieten guztiei.