Frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako mozioa onartu du Udalbatzak
Frankismoaren aurka Argentinan abiatutako kereilaren aldeko mozioa onartu zuen abenduko Udalbatzak, talde guztien aldeko botoarekin eta PP udal taldearen abstentzioarekin. Buenos Airesko Lehen Epaitegiko Maria Servini de Cubria magistratuak abiatu zuen auzia, eta Bilduren eta EB-Berdeak udal taldeek aurkeztu zuten iragan asteko udalbatzarrean.
Cubriak abiatutako kereilaren arabera, kaltetuentzako eta horien senideentzako “egia jakiteko eskubidea eta justizia efektiboa” aldarrikatzen ditu epaileak. Era horretan, “gizateriaren aurkako krimenak burutu zituztenen zigorgabetasun egoerarekin” bukatzea da helburua. Halaber, 1977. urteko Amnistiaren Legea salatzen du auziak.
Juana de Bengoechea PP udal taldearen bozeramaileak adierazi zuenez, “kereilak ezingo du aurrera egin 1977ko Amnistiaren Legea bertan behera utzi gabe. Beraz, mozioaren aldeko botoa ematea lege horren indargabetzearen alde ezer egin gabe, hipokresia hutsa izango litzateke”.