Makala Jazz Funk Band taldea
Makala Jazz Funk Band taldeak kontzertua emango du ostiralean (hilak 5) Amutalde kaleko Psilocybenea aretoan, 22:00etan hasiko den gaualdian. Aurretik Makulu Ken talde lasartearra igoko da eszenatokira.
Mikel Unzurrunzaga (Makala DJ) zarauztarrak sorturiko proiektua da Makala Jazz Funk Band
, laukote formatoan jazz eta funk doinuak nahasten dituena. Antxon Sarasuak (teklatuak), Ander Ederrak (gitarra), Juan Otegik (bateria) eta Mikel Unzurrunzagak (baxua) osatzen dute MJFB taldea. 2012an sortu zen taldea eta udan zenbait kontzertu eman zituzten, jazz jaialdietan batez ere.
Makulu Ken, Lasartetik
Makulu Ken talde lasartearra
Baina jotzen lehenak Makulu Ken taldekoak izango dira. Zazpi lagunek osatzen dute taldea, teklatuetan aritzen den Bea Hurtado donostiarra eta Itsaso Irazustabarrena abeslari tolosarra ezik, beste guztiak Lasartekoak. Euren hitzetan “euskalbeat edo euskal afrobeat” musika egiten dute, horretarako Afrikako doinuak rock, reggae edo funkiarekin nahastuz. Zuzenekoetan helburu argi bat dute, publikoa mugiaraztea, burutik behatz puntetaraino.
2007an eman zuten lehen kontzertua laukote bezala: Txus Carrasco (bateria), Patxus (baxua), Xuber (perkusioa) eta Xabi Makulu (gitarra eta ahotsa). Ondoren beste bi abeslari sartu ziren taldean, Itsaso eta Eider Ormazabal, eta horrek kolore aniztasuna eman dio ahotsetan.