Sei gazteetatik bost espetxeratzeko agindua eman du Gorenak
Errenteria-Oreretako sei gazteetatik bosten epaia berretsi zuen asteartean Espainiako Auzitegi Gorenak, sei gazteek errekurtsoa aurkeztu ondoren. Euren abokatuek jakinarazi zutenez, epaia Auzitegi Nazionalera bideratu beharko dute orain, eta iristean exekutatzeko agindua emango dute. Hurrengo egunetan izango da.
Iosu Arruabarrenaren errekurtsoa onartu dute, baina ez Xabier Lujanbio, Aitor Franco, Maitane Linazasoro, Ion Aitor Alberdi eta Arkaitz Anzarena.
Egun horretan bertan elkarretaratzea egingo zuten Herriko Plazan, 20:00etatik aurrera.
2008an atxilotuak
2008ko apirilean eman zuen Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Oarsoaldeko 22 gazte atxilotzeko agindua, Segiko kide izatea leporatuta. Horietako hamar, apirileko polizia operazioan atxilotu zituzten eta beste hamar, Donostiako Auzitegian aurkeztu zirenean, urte horretako uztailean. Beste bik ihes egin zuten.
Apirilean atxilotu zituztenek tratu txarrak eta jazarpen sexuala salatu zituzten. Atxilotuen artetik, hamazazpi auzipetu zituzten eta gainontzeko hirurak, epaiketaren aurretik absolbitu zituzten. Segiko kide izatea leporatu zieten guztiei.
Joan den urtarrilean jakinarazi zuen Auzitegi Nazionalak Oarsoaldeko hamazazpi gazteen gaineko epaia, iazko uztailean epaiketa egin ondoren. Horietatik 11 absolbitu zituzten, eta seiri kartzela zigorrak ezarri zizkieten, epaiaren arabera betiere, “talde terroristako kide” izatea leporatuta. Lujanbiori sei urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, eta gainontzekoei seinakoa. Fiskaltzak auzipetu guztientzako zortzina urteko espetxe zigorrak eskatu zituen, eta AVTk, berriz, zortzi eta hamabi urteko zigor eskaerak.
Auzipetutakoek orduan salatu zutenez, “torturetatik lortutako autoinkulpazioen frogekin” zein jazarpenekin epaitu zituzten, eta “sei urteko espetxe zigorra ezarri digute Euskal Herriarekiko erakutsitako konpromisoarengatik”.