Tenperatura baxuak medio, dispositibo berezia abiatuko du gaur udalak
Hotza eta izozteak direla eta, etxebizitzarik gabeko edota leku egokirik gabeko lagunei zuzendutako dispositibo berezia abiatuko du gaur Irungo Udalak. Larrialdietarako Arreta eta Meteorologia Zuzendaritzak Alerta Horia egoera ezarriko du gauerdietik goizeko 10:00ak arte eta ondorioz, gaurko 20:30etik aurrera etxerik gabeko lagunei ostatua emango zaiela jakinarazi du tokiko gobernuak.
Horiek horrela, ostatua behar duten lagunek beren borondatez onartu beharko dute bertara joatea. Horrez gain, edari beroa, ostatua eta gosaria eskainiko zaie beharra dutenei. Horretarako, hiriko zenbait ostalaritza gune erabiliko dira.
Kaltetuentzako harrera ordutegia 20:30ean abiatuko dela jakinarazi du udalak, eta biharko 10:00ak baino lehen ostatua utzi beharko dutela ere adierazi du.