Bihar epaituko dituzte Txingudin kateatu ziren lau ekintzaile
2010eko urtarrilean lau ekintzaile Irungo Txingudi merkataritza gunean kateatu egin ziren, Errege Magoz jantzita, “kontsumismoaren eta garapen faltsuaren” kontra protesta egiteko, eta Pasaiako kanpoko kaia eta AHT salatzeko. Horiei suhiltzaileek kendu zizkieten kateak, eta Ertzaintzak atxilotu zituen. Fiskaltzak ekintza horregatik bi urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ekintzaile bakoitzarentzat: bihar (hilak 15, asteartea) egingo dute horien kontrako epaiketa, Donostiako epaitegian.
Hala, horren kontra protesta egiteko elkarretaratzea egingo dute bihar, 10:00etan, epaitegi horren aurrean (Calcuta plazan). 2012ko irailaren 25ean ziren egitekoak epaiketa, baina orduan bertan behera utzi zuten.