Aurrekontuen xehetasunekin desadostasunak agertu ditu EAJk
Aurrekontuen gaineko zirriborroaren ildo nagusiekin ados egon arren, xehetasunekin zenbait desadostasun agertu ditu EAJren udal taldeak medioetara bidalitako prentsa ohar baten bidez. Udal taldearen arabera, urteak dira “udalak funtzionamendu gastuak murriztu behar zituela, hiriak behar zituen inbertsioetara bideratzeko baliabide gehiago izateko”. Halaber, gizarte laguntzekin ados daudela esan arren, “behar gehien dituzten pertsonen oinarrizko premiei aurre egiteko kudeaketan” ahalegin handiagoa egin beharko litzakeela uste dute jeltzaleek.
Bestalde, zenbait organismoetan izandako aldaketak medio, Kirol Patronatua eta Udal Musika Kontserbatorioa kasu, “azterketa sakonagoa” egin behar dutela zehaztu dute Xabier Iridoy bozeramailearen taldekideek.
Udala ekonomiaren bultzatzaile
Irungo Udalak ekonomia bultzatzeko hartutako konpromisoei dagokienez, ados agertu da EAJren udal taldea. “Ahal den neurrian, dirua inbertsioetara bideratzeko ahaleginean bat egiten dugu udal gobernuarekin”, adierazi dute. Hala ere, aurrekontu proiektuan inbertsioak 8 milioi eurora iristen direla azaldu dute, eta horietatik 6 milioi euro, udal ondasunen salmentarekin finantzatzen direla gaineratu. “Horrek adierazten du udalaren inbertsiorako benetako ahalegina nahiko mugatua dela” eta hori baino “askoz ere gehiago” egin daitekeela uste dute.
Hala, 2,6 milioi euroko partida urte bukaerara arte gordetzeak “zer zentzu daukan” galdetu dute EAJtik. “Hori urte bat galtzea izango litzateke. Tokiko ekonomiak orain behar du dinamismoa lanpostuak mantendu eta jarduera sortzeko”, gaineratu dute.
Hori dela eta, 1.5 milioi euro obretara eta inbertsio txikietara bideratzea proposatu dute EAJren udal taldetik. “Horrek bizilagunen eguneroko bizitzan eragingo du eta bertako enpresei bultzada emango die, jarduera ekonomikoa sortuz, eta enplegua mantenduz”.
Guzti horrengatik zuzenketa zehatzak aurkeztuko dituztela jakitera eman dute jeltzaleek.