Euskal itsas kulturari buruzko erakusketa inauguratuko dute gaur Zuloaga Etxean
Gu itsasoa, munduaren atari erakusketa inauguratuko dute gaur arratsaldean Zuloaga Etxean. Gu itsasoa kultur proiektuaren eskutik dator erakusketa, eta XVI. mendean Euskal Herriko itsas kulturari estu lotutako lurralde honek izan duen eboluzioa ikertu, hedatzera eman eta balioetsi nahi du. Euskal Herriko kultur ondarea berreskuratzeko xedea duten hiru elkarteen arteko harremanaren fruitua da Gu itsasoa: Igartubeiti Baserri Museoa, Zerain Paisai Kulturala eta Albaola Itsas Kultur Erakundea.
Gu Itsasoa, munduaren atari erakusketa jasotzen duen hirugarren tokia da Zuloaga Etxea; aurretik Zeraingo Herri Museoan eta Beasaingo Igartza jauregian izan da. Otsailaren 28ra arte bisitatzeko aukera izango da, udal liburutegiko ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan goizez.
Erakusketa, XVI. mende erdialdean, batel bat eta hedaduraz, nao bat eraiki zitekeen testuinguru sozio-ekonomiko bat ezagutzera emateko asmoarekin sortzen da. Eraikuntza prozesu honen sorkuntza ahalbidetu zuten elementuak azalduz. Hau da, prozesuetan (giza baliabideak, baliabide materialak) parte hartu zuten eragileek eta testuinguru fisikoa (azpiegiturak, gizartea, lurraldea) eta modua (antolaketa sistema, sistema ekonomikoa, teknologikoa, eta abar).
Arlo tematikoen bitartez, Aro Modernoan lurraldearen testuinguru orokorrera hurbilpen bat egiten da. Bere berezitasun geofisikoak, politikoak, sozialak, kulturalak eta abar; merkataritzari, ontzigintzari, arrantzari lotutako itsas jarduera nagusien garapena. Jarduera hauen eragina produkzio eta garraio bitartekarien bitartez, baita lan egiten zuten giza baliabideak ere. Jarduera zehatz bakoitzerako beharrezkoak ziren bitartekariak eta elementuak aurkezten dira: itsasontzien hornidura eta garaiko enpresarien mentalitatea eta antolaketa, euskararen erabilera, elikaduran izandako aldaketak, ohorearen ideia eta baita gizarte eta kultura desberdinen arteko bilguneak.