Lehen aldiz Kantu Jira egin dute Lezon, eta hogeita hamar lagunetik gora elkartu dira
Aiton Bordak antolatuta, kantu jira egin dute gaur goizean Lezon, lehen aldiz. Gaurtik hasita, hilabeteroko hirugarren larunbatean elkartuko dira, euskal abesti zaharrak kantatzeko. Estreinako saiorako hogeita hamar lagunetik gora agertu dira eta Tomas Garbizu Musika Eskolako bi musikari gazteren laguntza izan dute. Antolatzailea izan dena izanik, Aiton Borda tabernan hasi dute Lezoko lehen Kantu Jira.
“Eguraldiaren beldur ginen, baina eutsi dio”
Jose Antonio Zapirain Lezoko kantu jirako antolatzaileetako bat da. Berak azaldu digu Aiton Bordakoek izan zutela euskal kantuen inguruko ekintza antolatzeko ideia, eta Aiton Borda eta Tomas Garbizu koretako jendea elkartu direla lehen saioan.
Nondik atera zen kantu jira egiteko ideia?
Aiton Bordako zuzendaritza batzordetik ateratako proposamena da.
Oker ez banaiz lehenengo aldia da Lezon holako zerbait egiten dela.
Tarteka egin izan dira beste ekintza batzuk euskal kanten inguruan, baina kantu jira hau bezalakorik ez.
Koadrila handia elkartu zarete. Espero al zenuten hainbeste jende?
Beno, Aiton Bordako abesbatzan bagera 50 bat lagun eta gehienak etorriko zirela espero genuen eta Tomas Garbizuko korokoak ere etorri dira, eta hor ere jende nahiko nola dagoen, espero genuen jendea izango zela. Eguraldiaren beldur ginen, baina momentuz eutsi dio.
Musikari gazteen laguntza izan duzue eta asko laguntzen du horrek.
Bai, dudarik gabe. Lehenengo saioa izanik musika tresna gehiago izan behar ziren, baina nonbait ez dira elkarren artean ados jarri eta bi etorri dira. Hurrengorako hobetoxeago antolatuko gara again.
Aiton Borda parean hasi duzue ibilbidea eta alde zaharrerantz zoazte orain. Zein ibilbide egingo duzue?
Orain Beheko plazara goaz, ondoren Kale Nagusira, soziedade bat dagoen lekura eta hortik Herriko Plazara, eta bertan abesti guztiak egingo ditugu.
Bideoa: Lezoko Kantu Jira