Berrogeita hamar lagun inguru elkartu dira Karlos Saldise lezoarrari omenaldia egiteko.
Bere izena daraman plazan omendu dute gaur Karlos Saldise lezoarra, Batallon Vasco Españolek bere etxeko atarian hil zuela 33 urte bete direnean. Goizeko hamarretan hasi da ekitaldia, aurreikusita zegoena baino hamar minutu beranduago. Saldiseren oroitarriaren atzean ‘Karlos gogoan zaitugu’ dioen pankarta bat jarri dute eta ondoren ikurriña bat bere irudiarekin. Sua piztu eta dantzari talde batek agurra dantzatu du amnistiaren ikurraren aurrean.
Ondoren irakurritako testuan Saldise hil zuteneko garaia gogora ekarri dute, “Estatuak bere arma guztiak erabiltzen zituenean Euskal Herri libre baten alde zebilen edonoren aurka” adieraziz: “Karlos Saldisek Euskal Herri independientea, euskaldun, sozialista, parekidea eta gure lurarrekin konprometituarekin amets egiten zuen eta bazekien guzti hori konpromiso eta mobilizazioaren bidez lortuko zela. Eta horregatik hil zuten”.
Garai haietan ez bezala, “egun konponbiderako atea parez pare dugula” nabarmendu dute eta “ezker abertzaleak apostu tinkoa” egin duela, baina aurrean “bi estatu ukatzaile” daudela gehitu zuten: “preso gaixoak eta hiru laurdenak beteta dituztenak gartzelan daude, Parot doktrina aplikatzen ari dira Estraburgoko Giza Eskubideen Epaitegiaren sententziaren kontra eta Euskal Herritik milaka kilometroetara dituzte bere senideen bizia arriskuan jartzen behin eta berriz”.
Joan den asteburuan Bilbon euskal presoen alde egin zen manifestazioaz mintzatu dira ondoren, eta “olatu hori” hartu eta herri eta auzoetara ekartzeko eskatu dute, “Karlos Saldisek egin zuen bezala, euskaraz eginez, herri justuago baten alde borrokatuz, preso eta iheslariak etxean egon arte mobilizatuz, herri parekidea sortuz, gure lurra zainduz”.
Bukatzeko, Donostian eguerdian egitekoa zen Oarsoaldeko gazte independentisten aldeko manifestaziora joateko deia egin dute eta Eusko Gudariak abesten bukatu da gaur goizean Lezon Karlos Saldise zenari egindako omenaldia.
Bideoa: Saldiseri omenaldia