Atez atekoarekin 100.000 euro aurreztuko ditu Lezok
Hondakinen atez ateko bilketa sistema berriarekin, 100.000 euro aurreztuko ditu udalak eta zabortegira botatako hondakinen kopurua %46,85 murriztuko du. Ainhoa Zabalo alkateak eta Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziak eman dute horren berri gaur goizean egin duten agerraldian. Denis Itsaso eta Mikel Pagola, San Marko Mankomunitatearen presidente eta presidente ordeak, hurrenez hurren, aurkeztutako datuen aurreikuspenetan oinarrituta aurkeztu dituztela zenbaki horiek zehaztu du Intxaurrandietak.
Iaz 213.891 euro ordaindu zituen Lezoko Udalak zabortegira eramandako hondakin tona kopuruagatik. Atez ateko sistema ezarrita, 778 tona botatzea aurreikusi du udalak, ia 2012an bota zituen tonen erdia, hain zuzen ere.
Atez atekoaren gainean udalak antolatutako parte hartze prozesuan, bilketa sistema berriaren kostearen gaineko kezka agerian utzi dutela herritarrek nabarmendu du Zabalok: “Datu hauekin, argi gelditzen da birziklatze tasa altuena ahalbidetzen duen sistema eraginkorrena izateaz gainera, atez atekoa errentagarria dela”.
Hainbat ikastaro
“Ongizate iraunkorraren bidean” otsailean zehar “sentsibilizazio jarduerak” antolatu dituela udalak azaldu du Zabalok bestalde. Lehenengoa Zarauzko zabortegira, San Marko Mankomunitateak Urnietan duen ontzi arinak sailkatu eta birziklatzeko planta, eta azkenik Usurbilera, atez atekoaren funtzionamendua ezagutzeko otsailaren 16an antolatutako irteera da. Otsailaren 18an hasita autokonposta egiten ikasteko antolatutako tailerrak aipatu ditu ondoren: “Ikastaroez gain, konposta egiteko beharrezko tresneria udalak banatuko die herritarrei doan”. Konposta egiten duten lezoarrek gainera, %40ko hobaria jasoko dute tasetan. Ekainari begira, autokonposta komunitarioa egiteko hainbat eremu prestatuko dituela udalak azaldu du Intxaurrandietak. Irteeran zein konposta egiten ikasteko ikastaroan parte hartzeko izena erregistroan eman beharko dute interedunek astelehenetik aurrera.
ontziratu zaitez
Otsailaren amaiera aldera, berriz, Oarsoaldeak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean antolatu duten Ontziratu zaitez programa abiatuko dute Lezon. Kanpainaren gaineko zehaztasunak datozen asteetan emango dituzte udal ordezkariek. Atez atekoaren gaineko informazio bulegoak otsailaren 14ean zabalduko dituela ateak nabarmendu du Azkenik Zabalok, “eta herritarrek bertan argitu ahalko dituzte bilketa sistema berriaren gaineko zalantza guztiak”.
Zabalok “bide onean” doazen zalantzarik ez duela gaineratu du, eta lezoar guztiak deitu ditu atez atekoarekin bat egitera.