Musika eta antzerkia protagonistak izango dira gaztetxean
Musika eta antzerkia nagusituko dira asteburu honetan Lakaxita gaztetxean. Kontzertuak antolatu dituzte bertako gazteek larunbaterako, eta bi antzezlan, iganderako. Hala, Anger, Cohen eta Yaw taldeak ariko dira larunbat gauean gaztetxean, 21:30ean abiatuta.
Igandean bestalde, Emakume naizelako? eta Egun-Ero antzezlanak ikusteko aukera izango dute Lakaxitaraino hurbiltzen diren lagunek. Irantzu Mantxoren eskutik abiatuko da Emakume naizelako? antzezlana, 19:00etan. Ordubeteko iraupena izango du, eta ipuinetan emakumeek betetako rola aztertzen du Mantxok bertan. Izan ere, “estereotipoz josita daude ipuinak” egilearen aburuz, eta horren ondorioz, “emakumeon papera gutxietsita” agertzen da.
Mantxok aurkeztutako lanaren ondotik, Egun-Ero antzezlanaren txanda helduko da. Bea Larrañagak taularatuko du ekoizpena eta guztira, 30 minutuko iraupena izango du. “Umore izpi bat, clown kutsukoa, tamalez egunerokoa den egoera bat aurkezteko. Emakume askok isiltasunean jasaten duten indarkeria”.