Eleak-ek manifestatzera deitu ditu errenteriarrak
Espainiako Auzitegi Gorenak Errenteria-Oreretako bost gazte atxilotzeko erabakiaren ondotik, Eleak mugimenduak manifestazioa antolatu du datorren astearterako, hilak 12, 20:00etan, Herriko Plazatik hasita. Herritar, eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiak deitu dituzte, “denen artean babes harresia eraikitzeko”. Eleak-ek “pausoa emateko” eskatu die, “herritar guztien eskubide zibil eta politikoak bermatuak izan daitezen”, baita “gobernuek errepresio bideak bazterrean utz ditzaten” ere.
Eleak-ek gogorarazi duenez, bost urte pasatu dira herrian hamasei gazte atxilotu eta auzipetu zituztenetik, eta egun, hiru espetxean daude eta beste bik jakinarazpena jaso dute euren burua epaitegian aurkezteko. “Gazte horiek burutu duten lana jarduera politikoa izan da, eta horrexegatik izan dira zigortuak, inkomunikazioa, tratu txarrak eta torturak jasateaz gain”, adierazi du mugimenduak. Madrilgo gobernuak, ordea, “euskal herritarren aurkako errepresioari eutsi” diola esan du, “nazioarteko erakundeen gomendioei muzin eginez”.