Joan den asteburuan Perfumerias Avenidaren kontra galdu eta gero (78-81), Emakumeen Ligako bederatzigarren posturaino erori da Hondarribia-Irun taldea, aurretik dituen bi taldeekin 19 puntura berdinduta. Sailkapeneko azkenak, Bembibrek, garaipen bakarra du eta, hori horrela, ez dirudi hondarribitarrek mailari eusteko arazorik izango dutenik, baina hurrengo partidan garaipena nahitaezkoa izango dute, behin betiko atzeko bagoian geratu nahi ezpadute.
Perfumerias Avenida ligako talde indartsuenetakoa da eta Rivas Ecopolis taldearekin batera titulurako hautagai nagusia. Izan ere, lider Rivasek partida bakarra galdu du orain arte eta Perfumeriasen kontra izan zen. Horregatik, asteburuan galtzea normaltzat jo daiteke, eta gainera, osta-osta ez zeuen ezustekoa eman Hondarribiko taldeak.
Larunbatekoa, Italee Lucas eskoltaren hirugarren partida izan zen eta dagoeneko taldean erabat integratu dela esan daiteke. Salamancako taldearen kontra etxekoen saskiratzaile eta erreboteatzaile onena izan zen: 22 puntu eta 6 errebote. Igueravidek aldegin eta gero, Ana Suarezek hartu du joko antolatzailearen ardura eta ordezko jokalarien partehartzea geroz eta handiagoa da.
Datorren larunbatean Kanariar irletan jokatuko dute Anne Peñaren neskek, aurkari zuzen baten kontra. Gran Canaria 2014 taldeak 20 puntu ditu, Hondarribiak baino bat gehiago. Hain zuzen ere, titulurako kanporaketetan jokatuko lukeen azken taldea litzateke une honetan Gran Canaria.
Emakumeen Ligako Sailkapena:
- Rivas Ecopolis. 27 puntu.
- Perfumerias Avenida. 24 puntu.
- Spar Girona. 22 puntu.
- UPN Obenasa. 20 puntu.
- Tintos de Toro. 20 puntu.
- Gran Canaria. 20 puntu.
- Ciudad de Burgos. 19 puntu.
- Cadi ICG. 19 puntu.
- Hondarribia-Irun. 19 puntu.
- Conquero. 18 puntu.
- Bembibre. 14 puntu.