Inauteri festarako prest daude Haurtzaron
Haurtzaro Ikastolak jakinarazi duenez, prest daude bertan ostiraleko inauteri festarako. Gurasoek, ikasleek eta langileek, 10:30ean ekingo diote herria kolorez janzteari. Urteroko desfilea egingo dute Elizaldeko kaleetan zehar. Gero, eguerdira arteko jaia izango dute ikastolan: torradak, dantzak…
Arratsaldeko saioa, 14:45ean hasiko dute. Ona egiten badu, ikastolako anfiteatroan egingo dute, eta bestela Elorsoro kiroldegian. Aurkezleek emango dute saioaren xehetasunen berri, baina aurretik iragarri dute zein izango den emanaldien ordena.
Hasteko, Inauteri! Inauteri! abestia kantatuko dute denek elkarrekin. Eta gero, txandaka, ikasleek euren ikuskizuna eskainiko dute. Talde bakoitzak bost minutuko saioa eskainiko du. Lehenak Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrak eta irakasleak izango dira. Bi urtekoen txanda izango da, gero.
Lehen Hezkuntzara pasatuta, ikasleak zikloka (bi urtetakoak batera: LH1 eta 2, esaterako) aterako dira jendaurrera. Ondoren, gurasoek eskainiko dute euren sorpresa, urtero bezala.
Eta bukatzeko, ikastolako zaharrenen txanda izango da. DBHko lehenengo hiru mailetako ikasle-irakasleek, elkarrekin egingo dute emanaldia. Eta laugarrenekoek, amaiera emango diote festari, eta agur esango diote ikastolari, azken inauteriak baitituzte bertan.
Haurtzaro Ikastolak dei egin die guraso eta inauteri zale guztiei, ikastolako langileek, ikasleek eta gurasoek egindako lanez gozatzera agertzeko, eta ondo pasatzeko aukera galdu ez dezaten.