Hilabete honetan zehar hasiko dira erabiltzaileak lanean Lezoko Baratze parkean. Gaur goizean eman dute horren berri, Ainhoa Zabalo alkateak eta Eneko Lartige ingurumen zinegotziak, Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendaria eta Mikel Insausti Kutxa Ekoguneako zuzendariarekin batera Lezoko Baratza Parkean bertan hura inauguratzeko egin duten agerraldian. Horrenbestez, Lezo bihurtu da Kutxa Ekoguneak Gipuzkoan martxan jarri duen Baratze Parke Sareko lehen udalerria.
Hasieratik proiektua “interesgarria” iruditu zitzaiola udalari esan du Ainhoa Zabalok, “ingurumenaren aldeko apostua eta ongizate iraunkorraren aldeko jarrera oso barneratuta dugulako”. Kontsumo arduratsuaren azokan, duela bi urte, herritarrei baratze parkearen gaineko egitasmoa aurkeztu zutela ekarri du gogora Zabalok, ondoren, eta hasieratik herritarren aldetik erantzun “ezinhobea” jaso duela nabarmendu du. Bi urte beranduago “harro” agertu da, “Lezoko Udalak ongizate iraunkorrari begira duen egitasmo nagusienetako bat errealitate bihurtu dugulako”.
Ohitura osasuntsuak eta jasangarriak
Baratze Parkea sarearen helburua elikadura eta ohitura osasuntsuak eta jasangarriak bultzatzea dela azaldu du Insaustik. Horretarako Gipuzkoan hainbat herri hartuko zituen, 16 une honetan, sarea osatzea otu zitzaien Ekogunean, “herritarrek aukera izan zezaten autokontsumorako barazkiak ekoizteko, eta ekologikoak gainera”, azal du Ekoguneako zuzendariak. Lezo sarearen lehen kidea bihurtu izanagatik zoriondu du udalerria, eta hortik aurrera beste herri batzuekin sarea osatzen joango direla azaldu du, tartean Errenteria-Orereta aurkitzen da.
Sarea bultzatzeko gainera
foroa sortu dutela azaldu du Insaustik. Bertan, herri guztietako erabiltzaile guztiek, dituzten zalantzak partekatzeko aukera izango dute. Horrekin batera, ekogunean maiatza aldera baratze parkea inauguratuko dutela esan du: ” baratze eskola izango da bertan, konposta gunea, eta hainbat ikastaroa antolatuko dira. Sareko herri guztietan eskainiko dira ikastaro horiek, eta horrek sendotasuna ematen dio egitasmoari”.
Landa eremuaren mugan
San Pedro auzoan kokatuta dago Baratze parkea, “herri gunetik hurbil eta landa eremuaren mugan, oso leku egokian”, esan du Zabalok. Olatzar errekaren bestaldean dagoen parketik egingo dute sarrera egokitzapen lanak amaituta udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean prestatu dituzten 64 partzeletako erabiltzaileek. Lartigek hilabete amaiera baino lehen baratzak martxan jarriko dituztela esan du, eta interesa izan dezaketenek oraindik ere izena emateko aukera dutela zehaztu du: “Itxaron zerrenda dago, baina oraindik ere interesdunek izena eman dezakete egitasmoan parte hartzeko. Zerrenda horretara pasako dira eta erabiltzaileren batek baja emanez gero, zerrendako hurrengoa sartuko da”.