Inauterietako leloa: 'Elizaldeko unibertsoan murrizketarik ez'
Ostiralean egingo dute Inauterietako jai handia Elizalde ikastetxean, baina bihar hasiko dira ospatzen. Hala, arratsalde osoan zehar tailerrak egingo dituzte. Tailer horietan eskola osoko ikasleek parte hartzen dute, adin desberdinetakoak nahastu eta 19 talde osatuta. Ikastetxeko geletan banatzen dira eta tailer bihurtzen dituzte. Tailerrak 5. eta 5. mailako ikasleek koordinatzen dituzte, eta txikienen mozorroez, makillajeaz, maskaraz… arduratzen dira.
Ikastolako arduradunek nabrmendu dutenez, “irudimen handia erakusten dute ikasleek, irribarretsu eta kolorez beterik ateratzen dira guztiak, gozatzen dutenaren seinale. Ondoren, tailerretan egindako lana bakoitzak bere gelan eta bere lagunekin gozatzeko aukera izaten dute”.
Ostirala, egun handia
Leloa aukeratu dute Elizalden ostiraleko jairako: Elizaldeko unibertsoan murrizketarik ez! Gaia, berriz, espazioa izango da, ikasleek proposatutako gaien artean bozketa egin ondoren. Inauterietako mozorroak-eta prestatzeaz gain, espazioaren gaineko informazioa lantzen aritu dira ikasleak eta irakasleak geletan.
Etzi, 09:30ean, gurasoek eskolako sukaldean prestatutako torradak banatuko dituzte. Ondoren, desfilea egingo dute herriko kaleetan zehar (10:30etik aurrera). 11:30ean Madalensoron elkartuko dira, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek euren emanaldiak eskainiko dituzte. Bukatzeko, DBHko ikasleek dantzak eta esketxak eskainiko dituzte.