
Iraia Oiartzabal, bere tailerrean lanean
Euskadiko Diseinatzaile Gazte Onenaren Lehiaketa egingo dute bihar Getxoko (Bizkaia) Artea merkataritza gunean, 19:00etatik aurrera. Iraia Oiartzabal diseinatzailea (Antxo, 1987) bertan izateko hautatua izan da, beste zazpi diseinatzaile gazterekin batera. Vedette izeneko bilduma aurkeztuko du bertan, bere jostun eta diseinatzaile ibilbidean mugarri izan daitekeen lehiaketan.
Nola hautatu zintuzten lehiaketan parte hartzeko?
Hainbat diseinatzailek gure bildumak bidali genituen, eta horietatik zortzi aukeratu gintuzten parte hartzeko, hautaketa prozesu bat egin eta gero.
Hautatu izanarekin bakarrik, zure lana baloratu dute, ezta?
Bai, hala da. Ez nuen hautatua izatea espero, eta hala izan da. Maila handiko diseinatzaile gazteek parte hartuko dute bertan. Besteek zer aurkeztu duten ikusi dut, eta egia esateko, maila nahiko altua da. Zaila izango da irabaztea. Nik dagoeneko bozka eman dut, horretarako aukera zabalik dagoelako Internet bidez.
Vedette izeneko bilduma aurkeztu duzu lehiaketara. Zein ezaugarri ditu?
Garai bateko kabaretetan oinarrituta dago nire bilduma,
Vedette. Bertako protagonisten sensualitatearekin jokatu dut, 1930ko hamarkadan asko eramaten ziren lumekin, kokoterekin eta. Musikal horien protagonistetan oinarritutako bilduma da, Moulin Rouge eta antzekoenak.
Itxaropenik, bai?
Lehiaketa bat da. Azken batean ez dakit zeren baitan hartuko dituzten erabakiak epaimahaiko kideek, eta hortaz, uste dute denek ditugula aukerak.
Irabaziz gero, Espainiako Estatu mailako lehiaketara joateko aukera duzu. Madrilen. Bertan egotea garrantzitsua litzateke zuretzat.
Garrantzitsua litzateke hara joatea, estatu mailan nolabaiteko aitortza izango nuelako, eta etxetik aterako liratekeelako nire sorkuntzak.
Internetez ere botoa emateko aukera dago, biharko 12:00ak arte. Jendea zure aldeko botoa emateko kanpaina abian duzu.
Interneteko bozketak berez ez du eraginik izango lehiaketaren emaitzan, baina bai, Internetez ere niri botoa emateko eskatzen ari naiz.
Botoa ematen dutenek Ipad bat irabazteko aukera dute, eta nik ere sari bat jasoko nuke.