Bihar, ostegunzuri, jaitsiko da Trapujale Martizkone baserritik Lezora, eta berekin batera ekarriko du ihauterien magia datorren asteartera arte. Aurten gainera, inoiz baino gehiago izango da protagonista Trapujale,
25 urte bete dituelako udalerriko pertsonajerik ezagunenetakoak. Antolatu duten egitarau oparoaren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Jon Legorburu Trapujale taldeko kideak.
Egitaraua aurreko urtekoen antzeko dela nabarmenduta, aurten “berezitasunak” dituela zehaztu du Arrutik, Trapujaleren 25. ureurrenari aipamena eginez. Trapujale oroigarria nork jasoko duen ere esan du Kultura zinegotziak. Ekaitz aisialdi elkarteak jasoko du eta haren izenean, Juan Luis Urkizu lezoarrak. Ekaitz elkarteari oroigarria emateko arrazoiak azaldu ditu Trapujale taldeko kide Jon Legorburuk: “Inauterien bultzatzaileetako nagusiak izan direlako erabaki genuen oroigarria aurten beraiei ematea, are gehiago Trapujaleren 25. urteurrenean”. Urteurrenaren harira, Trapujaleren posterrak egunero Gurutze Santuaren plazan jarriko duten postuan salduko dituztela azaldu du Legorburuk. Bi euro ordainduta eskuratu ahalko dituzte interesdunek, “Diru hori ardi larruak, eta bestelakoak erosi ahal izateko baliatuko dugu. Trapujale taldea finantzatzeko alegia, eta gauza berriak sortu ahal izateko jaiaren barruan”.
Joaldunei protagonismoa eman die halaber Legorburuk. Izan ere musika eskolako taldeak eta joaldunek laguntzen dute jaitsieran Trapujale. Joan den urtean bezala Donostiako Alde Zaharreko 15 joaldun izango dira.
Eguraldi ona iragarri ez badute ere, tarpujalez jantzi eta kalera irteteko deia egin die Arrutik lezoarrei.
Ikusi egitaraua
hemen.